Bigarrenez Bilboko familia baten etxegabetzea behin-behinean geldiarazi dutela jakinarazi du AZETek

Sindikatuko kideak «pozik» agertu dira, berriz ere «herri mugimenduaren bidez» etxegabetzea geldiarazi dutelako. AZETek salatu du gizon batek emazte ohia «zigortzeko» abiarazi duela etxegabetzea.

Etxegabetu nahi duten familiaren atarian elkarretaratzea egin dute gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Etxegabetu nahi duten familiaren atarian elkarretaratzea egin dute gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko azaroaren 5a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste eta erdi baino ez da igaro Bilboko Iturribide kalean familia bat etxegabetzen saiatu zirenetik. Auzokoen mobilizazioen ondorioz urriaren 26ko ahalegina bertan behera gelditu bazen ere, gaur goizean berriz ekin diote familia zaurgarri hori kaleratzeari. AZETek salatu du epailearen azken erabakia «alternatibarik eskaini gabe» ailegatu dela, eta etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzera deitu du 08:30erako, 94. zenbakian bizi diren lau emakumeak —tartean bi adingabe— ez daitezen kale gorrian gelditu. Bigarrenez bertan behera geratu da etxegabetzea, behin-behinean.

50 lagun inguru bildu dira etxebizitzaren atarian, eta oraingoz kaleak zabalik daude; ez dago poliziarik. AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak adierazi duenez, 09:15 aldera zen joatekoa komitiba judiziala, eta epaitegietara dietu dute jakiteko etxegabetzea bertan behera gelditu den ala ez. Aurrekoan bezala, gaur ere ez diete baieztatu nahi izan ea kaleratzea bertan behera geldituko zen ala ez. Hala, 10:00etan bukatutzat eman dute elkarretaratzea, baina sindikatuko kideak bertan gelditu dira, badaezpada. Bilboko Udalaren jokabidea salatu du AZETek, etxegabetze saiakeraz «jakitun» izan arren ez diolako familiari «alternatiba duinik» eskaini, ezta kaleratzea geldiarazteko saiakerarik egin ere.

Birritan etxegabetu nahi izan duten familiaren balkoia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Birritan etxegabetu nahi izan duten familiaren balkoia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Sindikatuko kideak «pozik» agertu dira, berriz ere «herri mugimenduaren bidez» etxegabetzea geldiarazi dutelako. Datorren asteko greba orokorraren aldeko aldarriak nagusi izan dira elkarretaratze osoan zehar, eta ekimena bukatzean sindikatuak bere jarrera berretsi du: «Asteazkenean hustu lantegiak eta bete kaleak espekulazioaren aurka!».

Indarkeria ekonomikoa

Sindikatuak salatu du kaleratzea «dibortzio baten ondorioz» abiarazi dutela, epaiak senar ohiari esleitu baitio familia etxebizitzaren jabetza. Gizon horrek beste bi etxe dauzka dagoeneko bere izenean, eta ziurtatu dute emazte ohia «zigortzeko» erabili duela etxegabetzea.

Etxegabetu nahi duten familiaren atarian elkarretaratzea egin dute gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
AZETek elkarretaratzea deitu du Iturribide kaleko 94. zenbakian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eskrituran jabe gisa agertzen ez den arren, kaltetutako batek familia etxebizitza ordaintzen «lagundu» du erosi zutenetik. Halere, ebazpen judizialak ez du halakorik kontuan hartu, eta ez ikusiarena egin dio familiaren «zaurgarritasunari». Kasu hau eta joan den ostiralean Arrigorriagan etxegabetu zituzten Karmen eta alabarena oso antzekoak dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA