Iazko abenduan piztutako gatazka pil-pilean dago: Bilboko portuan aritzen diren amarratzaileen aurkako jazarpen sindikala «larria» dela ohartarazi du LABek, gaur portuan bertan eginiko agerraldian. Amarradores Puerto de Bilbao enpresak lau behargin kaleratu ditu aurten —horietatik hiru sindikatu horretako ordezkariak dira—, eta beste hamar langile «zigortu» ditu. Horrez gain, LABek salatu du enpresa «xantaiaz» baliatzen ari dela langile ugariren aurka jotzeko.
Zuzendaritzak lan baldintzetan egin nahi dituen aldaketak dira gatazkaren muina: iazko abenduan iragarri zuen hamabi orduko lanaldiak ezartzeko asmoa zuela —hamalaura luzatzeko aukera izanda enpresaren beharren arabera— eta oporraldiak murriztu nahi zituela. Geroztik, mobilizazioak eta lanuzteak egin dituzte langileek, baita auzitara jo ere: Bilboko Lan Arloko Epaitegiak ekainean LABek jarritako salaketari arrazoia eman zion, eta enpresak hartutako neurriak indargabetu zituen.
Epaitegiaren erabakiak, ordea, enpresaren eta langileen arteko tentsioa areagotu egin du. LABen arabera, ez da «ohiko» lan gatazka bat: «Langileek beren eskubideak defendatu eta antolatzeko duten eskubidearen aurkako eraso larria da». Horrela, sindikatuak «eskura dituen tresna guztiak» erabiltzeko konpromisoa hartu du, lan gatazka amai dadin.
Askatasun sindikala
Amarratzaileek eta LABek otsailean ere egin zuten agerraldia, eta gatazka «ordezkari sindikalen eta langile guztien aurkako eraso kontziente» gisa deskribatu zuten. Gaur azpimarratu dute askatasun sindikala «funtsezko eskubidea» dela eta eskubide horren aurka egiten ari dela enpresa, eta babes osoa adierazi zieten zuzendaritzaren «errepresioa» pairatzen ari diren beharginei.
Kaleratutako langileen egoera berehala konpontzeko exijitu dio enpresari, eta argi utzi du ez diola uko egingo langileen eskubideak defendatzeari: «Horretarako eskura ditugun baliabide sindikal eta legal guztiak erabiltzeko prest gaude».
«Kaleratutako langileen aldeko elkartasunez eta askatasun sindikalaren defentsan», hurrengo asteetarako lau elkarretaratze iragarri ditu LABek: urriaren 29an eta azaroaren 3an, 5ean eta 10ean. Guztiak Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean egingo dituzte, bertan izango baitira enpresarekin eta langileekin lotutako epaiketak —kaleratutakoena eta zigortutakoena, besteak beste—.
LABek mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die langile guztiei, Bilboko portukoa «langile klase osoa interpelatzen duen gatazka» baita. Era berean, Amarradores Puerto de Bilbao enpresari negoziazioak abiatzeko exijitu dio, eta Bilboko Portuko Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan esku hartzeko eskatu die, ez luketelako onartu beharko «langileen eskubideak hala urratzerik» haien eskumeneko lekuetan.