Bilboko portuko amarratzaileen aurkako «jazarpen sindikal larria» salatu du LABek

Enpresak lau langile kaleratu ditu, eta beste hamar zigortu. Sindikatuak egotzi dio «xantaia» erabiltzen ari dela, eta hurrengo asteetarako elkarretaratzeak iragarri ditu.

LABek Bilboko portuan gaur eginiko agerraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LABek Bilboko portuan gaur eginiko agerraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 23a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko abenduan piztu zen gatazka inoiz baino beroago dago: Bilboko portuan aritzen diren amarratzaileen aurkako jazarpen sindikala «larria» dela ohartarazi du LABek, gaur portuan bertan eginiko agerraldian. Amarradores Puerto de Bilbao enpresak lau behargin kaleratu ditu aurten, horietatik hiru sindikatu horretako ordezkariak dira, eta beste hamar langile «zigortu» ditu. Horrez gain, LABek salatu du enpresa neurri horiek «xantaia» erabiltzen ari dela langile ugariren aurka jotzeko.

Zuzendaritzak lan baldintzetan egin nahi dituen aldaketak dira gatazkaren muina: iazko abenduan iragarri zuen hamabi orduko lanaldiak ezartzeko asmoa zuela —hamalaura luzatzeko aukera izanda enpresan beharren arabera— eta oporraldiak murriztu nahi zituela. Geroztik, mobilizazioak eta lanuzteak egin dituzte langileek, baita auzitara jo ere: Bilboko Lan Arloko Epaitegiak ekainean LABek jarritako salaketari arrazoia eman zion, eta enpresak hartutako neurriak indargabetu zituen.

Epaitegiaren erabakiak, ordea, enpresaren eta langileen arteko tentsioa murriztu beharrean areagotu egin du. LABen arabera, ez da «ohiko» lan gatazka bat: «Langileek beren eskubideak defendatu eta antolatzeko duten eskubideen aurkako eraso larria da». Horrela, sindikatuak «eskura dituen tresna guztiak» erabiltzeko konpromisoa hartu du, lan gatazka amai dadin.

Askatasun sindikala

Amarratzaileek eta LABek otsailean ere egin zuten agerraldia, eta gatazka «ordezkari sindikalen eta langile guztien aurkako eraso kontziente» gisa deskribatu zuten. Gaur azpimarratu dute «funtsezko eskubidea» den askatasun sindikalaren aurkako erasoak direla horiek, eta babes osoa adierazi die enpresaren «errepresioa» pairatzen ari diren beharginei.

Kaleratutako langileen egoera beherala konpontzea exijitu dio enpresari, eta argi utzi du ez diola uko egingo langileen eskubideak defendatzeari: «Horretarako eskura ditugun baliabide sindikal eta legal guztiak erabiltzeko prest gaude».

«Kaleratutako langileekiko elkartasunez eta askatasun sindikalaren defentsan», hurrengo asteetarako lau elkarretaratze iragarri ditu LABek: urriaren 29an eta azaroaren 3an, 5ean eta 10ean. Guztiak Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean egingo dituzte, bertan izango baitira enpresarekin eta langileekin lotutako epaiketak —kaleratutakoena eta zigortutakoena, besteak beste—.

LABek mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die langile guztiei, Bilboko portukoa «langile klase osoa interpelatzen duen gatazka» baita. Era berean, Amarradores Puerto de Bilbao enpresari negoziazioak abiatzea exijitu dio, eta Bilboko Portuko Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari gatazkan esku hartzeko eskatu die, ez luketelako onartu beharko «langileen eskubideen halako urraketarik» haien eskumeneko lekuetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA