Bilbon kanpatuek eskatu dute kalean jarraitzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko

Euskal Herriko Etxebizitza Mugimenduak manifestazioak egingo ditu gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta LABek, asteburuan.

Bilboko kanpaldia, Arriaga antzokiaren aurrean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Bilboko kanpaldia, Arriaga antzokiaren aurrean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 2a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanpaldia egiten ari dira Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean, etxebizitzaren egoera salatzeko eta etxe duinen alde. Astelehenean hasi zuten, eta 30 bat kanpin denda daude. Kanpaldiko ordezkariek herritarrei eskatu diete «kalean jarraitzeko» etxe duinen eta eskuragarrien alde. Kanpaldiarekin bat egiteko eta mugimendua zabaltzeko eskatu diete herritarrei, «gazteei, langile familiei, etxebizitza negozio bat izateaz nazkatuta dauden guztiei».

Mobilizazioetan parte hartzeko eskaera ere egin dute, etxebizitza politikak aldatzea eskatzeko: bai Euskal Herriko Etxebizitza Mugimenduak gaur arratsaldean antolatutakoetan, bai LAB sindikatuak etzi eguerdian antolatutakoetan. Euskal Herriko Etxebizitza Mugimenduak manifestazioak antolatu ditu gaur 19:00etan Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon, Arriagatik abiatuta; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik; eta Iruñean, Gazteluko plazatik. LABek, berriz, bihar 12:00etan egingo ditu manifestazioak, Donostian (Bulebarretik), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazatik) eta Iruñean (Merindadeen plazatik), eta etzi Bilbon (Plaza Eliptikotik).

Sara Azaña eta Laura Luengo kanpatuen bozeramaileek uste dute etxebizitzaren aldeko mugimenduak aurrera jarraitu behar duela, «etxebizitzaren negozioari esker aberasten diren putre funtsei, bankuei, etxe agentziei eta etxejabeei aurre egiteko». Negozio horren «konplize» deitu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Nabarmendu dute Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretuak ez direla nahikoa, eta borrokari esker lortu direla. Kexu dira, errege dekretuetako neurriak nahikoa iruditzen ez bazaizkie ere, Espainiako Kongresuak ez dituelako onartuko, «espainiar, katalan eta euskal eskuinaren erabakiz, eta lotsagarria da».  

Madrilen kanpatuek greba orokorrera deitzeko aukera aipatu zuten, eta Bilboko ordezkariek babestu egin dute proposamen hori.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA