Kanpaldia egiten ari dira Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean, etxebizitzaren egoera salatzeko eta etxe duinen alde. Astelehenean hasi zuten, eta 30 bat kanpin denda daude. Kanpaldiko ordezkariek herritarrei eskatu diete «kalean jarraitzeko» etxe duinen eta eskuragarrien alde. Kanpaldiarekin bat egiteko eta mugimendua zabaltzeko eskatu diete herritarrei, «gazteei, langile familiei, etxebizitza negozio bat izateaz nazkatuta dauden guztiei».
Mobilizazioetan parte hartzeko eskaera ere egin dute, etxebizitza politikak aldatzea eskatzeko: bai Euskal Herriko Etxebizitza Mugimenduak gaur arratsaldean antolatutakoetan, bai LAB sindikatuak etzi eguerdian antolatutakoetan. Euskal Herriko Etxebizitza Mugimenduak manifestazioak antolatu ditu gaur 19:00etan Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon, Arriagatik abiatuta; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik; eta Iruñean, Gazteluko plazatik. LABek, berriz, bihar 12:00etan egingo ditu manifestazioak, Donostian (Bulebarretik), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazatik) eta Iruñean (Merindadeen plazatik), eta etzi Bilbon (Plaza Eliptikotik).
Ikusi gehiago
Sara Azaña eta Laura Luengo kanpatuen bozeramaileek uste dute etxebizitzaren aldeko mugimenduak aurrera jarraitu behar duela, «etxebizitzaren negozioari esker aberasten diren putre funtsei, bankuei, etxe agentziei eta etxejabeei aurre egiteko». Negozio horren «konplize» deitu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Nabarmendu dute Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretuak ez direla nahikoa, eta borrokari esker lortu direla. Kexu dira, errege dekretuetako neurriak nahikoa iruditzen ez bazaizkie ere, Espainiako Kongresuak ez dituelako onartuko, «espainiar, katalan eta euskal eskuinaren erabakiz, eta lotsagarria da». Â
Madrilen kanpatuek greba orokorrera deitzeko aukera aipatu zuten, eta Bilboko ordezkariek babestu egin dute proposamen hori.