Indarkeria matxista

Emakume bat hil du bikotekide ohiak Bilbon

Emakumea ospitalera eraman zuten, zaurituta, eta gizona hilketa-saiakera delitua leporatuta atxilotu. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da. Bilboko Udalak elkarretaratzea egingo du 11:00etan, hilketa salatzeko.

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa, herenegun, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa, herenegun, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jon Ordoñez Garmendia - Julen Otaegi Leonet
2026ko azaroaren 27a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste hilketa matxista bat izan da Euskal Herrian. Atzo iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilboko Marcelino Oreja kaleko etxebizitza batean, Indautxu auzoan, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, Gurutzetako ospitalean hil da emakumea. 34 urte zituen. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da.

Bilboko Udalak elkarretaratzea egingo du 11:00etan, hilketa salatzeko. Halaber, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak mobilizatzera deitu du 20:00etarako, Areatzan, Arriaga antzokiaren atarian.

Erasoa izan zen etxebizitzan bizi zen emakume batek eman zuen abisua, 20:00etan, etxean entzun zituen oihuek ohartarazita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoa izan den etxebizitzatik gertu dago Espainiako Poliziaren egoitza, eta azkar jo zuten hara. Poliziak etxera iritsi zirenean, gizona emakumea sastakatzen ari zela aurkitu zuten. Bien haurrak ere etxebizitzan ziren. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gizona geldiarazi zuten; ordurako, emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gizona hilketa-saiakera delitua egotzita atxilotu zuten.

Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. Urruntze agindua ezarria zioten, Europa Press agentziak ikerketako iturriak aipatuz kaleratu duenez.

Aurten beste bost hilketa matxista izan dira Euskal Herrian: Arguedasen, Basaurin, Irunen, Iruñean eta Sarrigurenen. Herenegun Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta milaka lagun atera ziren kalera: «Karrikak gureak egin ditugu: ozen oihukatu dugu indarkeria matxistari aurre eginen diogula».

Justizia sozialaren alde, feminismoaren bidetik.

Gaitzespena

Bilboko Udalak «emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa» adierazi du, eta udaleko ordezkariek bost minutuko isilunea egingo dute udaletxeko eskaileretan, «gaitzesteko eta arbuiatzeko».

Itaiak salatu du gero eta larriagoa dela emakumeen aurkako indarkeria, eta hura salatzeko «mugimendu indartsua» eratzeko lehentasuna nabarmendu du, ohar bidez: «Kaleko mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarriturikoa». Erantsi du ezin dela «normalizatu» indarkeria matxistaren eta erasotzaileen «inpunitatea», eta «matxismoaren aurpegirik gordinenaren» aurrean kaleak betetzeko deia egin du, «gero eta emakume gehiago subjektu aktibo bilakatzeko eta matxismoaren aurkako posizioa jendartean errotzeko».

Emakundek «gaitzespenik irmoena» adierazi du hilketa salatzeko, eta babesa adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. «Gizarte bezala ezin dugu onartu indarkeria matxista. Emakumeen Aurkako indarkeria matxistari ez! Ozen oihukatu behar dugu guztiok», idatzi du sare sozialetan. Jakinarazi du hilketa matxisten kontrako protokoloa jarri duela martxan, eta Bilboko Udalak deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko eskatu du. «Berriro diogu indarkeriaren aurrean ez dagoela jarrera neutralik: denok hartzen dugu leku bat indarkeriaren aurrean. Eta, gaur egun, zoritxarrez, berriz ere aldarrikatu behar dugu arazo hori berezkoa sentitu behar dugula, indarkeria horren adierazpenik krudelenaren aurrean gaudelako», adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, ohar bidez.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hilketa gaitzetsi du: «Ezin dugu etsi. Ahaleginak areagotu behar ditugu indarkeria matxista desagerrarazteko. Emakume guztiek dute libre eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea». Halaber, «maitasuna eta elkartasuna» adierazi die biktimaren familiari eta gertukoei sare sozialetan idatzitako mezu batean. Bilboko EAJk ere indarkeria matxista amaiarazteko konpromisoa berretsi du.

Alberto Martinez Osasun sailburuak hilketa «kondenatu» du kazetarien aurrean: «Gizarte gisa ezin dugu indarkeria matxista onartu. Publikoki jarri beharra dugu horren kontra. Emakumeen kontrako indarkeriari ez».

EH Bilduk bart gaueko hilketa matxista salatu du: «Azaroaren 25etik bi egunera, indarkeria matxistaren aurpegirik krudelena ezagutu du gure herriak, beste behin». Indar subiranistak «haserrea eta sumindura» adierazi ditu sare sozialetan idatzi duen mezu batean, eta ohartarazi «errealitate gordina» dela indarkeria matxista. «Gure doluminak eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako emakumearen senideei eta gertukoei», erantsi du.

Hilketa dela eta, EH Bilduk bertan behera utzi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeen harira gaurko antolatuta zituen ekitaldi guztiak; kanpaina amaierako ekitaldi nagusia Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere hilketa salatu du, eta elkartasuna erakutsi die biktimaren hurbilekoei. «Atzerapausorik ez indarkeria matxistari aurre egiteko. Ez gara isilduko!», idatzi du sare sozialetan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide talde guztiek hilketa «arbuiatu» dute ohar bidez, eta ohartarazi indarkeria matxista ez dela «arazo pribatua, ezpada herritar guztiena, desberdintasunen agerpenik bortitzena da eta».

Behin-behineko espetxealdia gizon bati

Gizon bat behin-behinean atxilotzeko agindu du gaur Bilboko instantiako auzitegiko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Atalak. Herenegun, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunez, haren emazte ohiak El Correo egunkariari kontatu zion hiriburura itzuli zela handik joan eta zazpi urtera, eta hil egingo zuela esaten ziola.

Epaileak urruntze agindua ezarri dio gizonari, eta behin-behineko espetxealdia. Dagoeneko bi aldiz egon da espetxean behin-behinean, eta kautelazko neurriak ez dituela bete jakinarazi du egunkariak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA