Espainiako Poliziak baieztatu duenez, beste pertsona bat atxilotu dute, Munduko Kopako finalaren egunean Bilbon izan ziren istiluen harira. Aske antolakundeak atzo eman zuen atxiloketaren berri, baina polizia iturriek gaur arte ez dute jakinarazi. Itzubaltzetako (Getxo) gizonezko bat da, 47 urtekoa, eta Cake Minuesa eskuin muturreko probokatzaileari erasotzea leporatzen diote. Zabaldu dutenez, Minuesak berak jarri du haren aurkako salaketa. Besteak beste, gorroto eta derrigortze delituak leporatu dizkiote atxilotuari. Ez Askek eta ez Espainiako Poliziak ez dute argitu libre utzi duten ala ez.
Atxiloketa Itzubaltzetan bertan izan zela azaldu du Aske taldeak, eta dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean bertoko Santa Eugenia plazan, Itzubaltzetako Gazte Asanbladak deituta, atxilotua libre utz zezatela eskatzeko eta «azken asteetako jazarpena» salatzeko. Zenbait albiste agentziak, ordea, Bilbon atxilotu zutela diote, polizia iturriak aipaturik.
Espainiako eta Argentinako futbol selekzioen finala jokatu zen uztailaren 19an, eta Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan tentsio uneak izan ziren, zenbait udalek pantaila erraldoiak jarri baitzituzten partida ikusteko. Egun hartan bertan, Ertzaintzak hogei pertsona identifikatu zituen Bilbon. Horrez gain, Espainiaren aldeko zale bat ikertzen ari dira, manifestariei arma zuriz mehatxu egiteagatik. Bada, Espainiako Poliziak beste bi lagun atxilotu zituen aurreko astean. Aske daude biak, epaileak hala erabakita behin-behinean. Gorroto delitua, lesioak eta desordena publikoak egotzita atxilotu zituen Poliziak.Â
Interpretazioak gorabehera, atzoko atxiloketa zerk eragin duen argi daukate: Askek idatzi zuen «Cake Minuesa probokatzaileari aurre egiteagatik» atxilotu zutela Itzubaltzetako auzokidea.
Minuesa Bilboko Casilda Iturrizar parkean agertu zen finala izan zen egunean —han jarri zuen PPk Argentinaren eta Espainiaren finala ikusteko pantaila—, handik gertu euskal selekzioaren aldeko manifestazio bat amaitzear zela. Athleticen kamiseta zeraman jantzita, eta Espainiako bandera ipurdian. Manifestazioan parte hartu zuten hainbatek aurre egin zioten Minuesari, sare sozialetan argitaratutako bideo batzuetan ikus daitekeenez, eta Ertzaintzak babestuta alde egin zuen. Bada, Espainiako Poliziak gaur baieztatu duenez, Minuesak salaketa aurkeztu ondotik egin dute atxiloketa.
Itzubaltzetako Gazte Asanbladak atzoko elkarretaratzean salatu zuenez, «espainolismoari eta faxismoari aurre egiteagatik» atxilotu dute haien bizilaguna. «Espainolismoaren eta faxismoaren normalizazioaren eta errepresioaren aurka antolatzea beharrezkoa ikusten dugu», gehitu zuten.
Eskuduntzen eztabaida
Eusko Jaurlaritzako eskuduntzei buruzko ika-mika eragin zuten, gainera, Espainiako Poliziak egindako atxiloketek. Polizia horrek ez zegozkion ekintza batzuk egin zituela salatu zuen Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak. Sailburuak gogorarazi zuen Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren 1989ko akordioan jasota dagoela Polizia bakoitzak zer lan egin behar dituen, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, alegia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako itun horretan, Ertzaintzaren izaera integrala aitortzen da.Â