Aske utzi dituzte Munduko Kopako finaleko liskarren harira atxilotutako bi lagunak

Espainiako Poliziak gorroto delitua, lesioak eta desordena publikoak egotzita atxilotu zituen; bat Bilbon, eta bestea Muskizen. Epaileak aske utzi ditu behin-behinean, auzitegira deitzen dituzten bakoitzean agertzeko betebeharra ezarrita.

Espainiaren zale bat, Ertzaintzarekin hizketan, Bilboko Casilda Iturrizar parkean jarritako pantailaren eremuan. LUIS TEJIDO / EFE
Espainiaren zale bat, Ertzaintzarekin hizketan, Bilboko Casilda Iturrizar parkean jarritako pantailaren eremuan. LUIS TEJIDO / EFE
edurne begiristain
2026ko uztailaren 29a
10:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko guardiako epaitegiak behin-behinean aske utzi ditu gizonezkoen futboleko Munduko Kopako finalaren egunean izandako istiluengatik atxilotutako bi lagunak. Espainiako Poliziak gorroto delitua, lesioak eta desordena publikoak egotzita atxilotu zituen astelehenean; bat Bilbon, eta bestea Muskizen (Bizkaia). Biek ala biek epaitegian agertu beharko dute deitzen dieten bakoitzean, epaileak kautela neurri gisa ezarri duenez.

Espainiako Poliziaren arabera, taberna batean zegoen gizon bati oldartu zitzaizkion atxilotuak uztailaren 19an, Campuzano plazaren inguruan. Poliziak jakinarazi zuenez, euskal selekzioaren aldeko manifestariek jo egin zuten «partida hasi bitartean taberna batean zain» zegoen gizona: behin lurrean zegoenean, ostikoka hasi omen zitzaizkion. Gizonezkoak salaketa aurkeztu ondoren identifikatu eta atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak. Espainiako Poliziak esan du ikerketa zabalik dagoela oraindik ere, eta ez duela baztertzen beste atxiloketa batzuk ere egitea.

Uztailaren 19ko arratsalde hartan hainbat borroka eta liskar piztu ziren Bilboko Casilda Iturrizar parkearen inguruan. PPk han jarritako pantailan finala ikustera zihoazenen eta aurretik euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko manifestazioan parte hartu zutenen artean izan ziren liskarrak. Sare sozialetan hainbat borrokaren bideoak zabaldu dira. Egun hartan bertan, Ertzaintzak 21 lagun identifikatu zituen. Orain aske geratu diren bi gazteak ez zeuden identifikatutakoen artean. 

Bilbokoez gain, izan dira beste atxiloketa batzuk ere finalaren harira izandako istiluengatik. Ertzaintzak guztira zazpi pertsona atxilotu zituen Gasteizen, Donostian eta Berrizen (Bizkaia). Espainiako selekzioaren elastikoa zeramaten pertsonei erasotzea egotzi zieten horietako batzuei; beste bati, berriz, agintaritzaren aurkako atentatua egitea. 

Eskumen gatazka

Espainiako Poliziak egindako atxiloketek eskumen gatazka bat piztu dute Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak bat egin du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuarekin, eta adierazi Espainiako Poliziak Ertzaintzaren eskumenak hartu dituela bere gain atxiloketok eginda. Haren esanetan, Gernikako Estatutuak eta indarrean dauden akordioek argi zehazten dute zein diren segurtasun indar bakoitzaren eskumenak, eta, oraingo kasuan, Ertzaintzari zegokion atxiloketak egitea.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Marisol Garmendiak, berriz, ukatu egin du Espainiako Poliziak bere eskumenak gainditu izana, eta nabarmendu du gorroto delitu bat tartean denean ez dagoela Ertzaintzaren eskumen esklusiborik; horrenbestez, adierazi du poliziek indarreko legediaren mugen barruan jardun zutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA