Espainiako Poliziak beste pertsona bat atxilotu du Munduko Kopako finalaren egunaren harira

Poliziak beste bi lagun atxilotu zituen aurreko astean. Aske dira biak. Elkarretaratze bat egingo dute Getxon, atxilotutako hirugarren gaztea libre utz dezatela exijitzeko.

Espainiaren zale bat, Ertzaintzarekin hizketan, Bilbon, Casilda Iturrizar parkean jarritako pantailaren eremuan. LUIS TEJIDO / EFE
Espainiaren zale bat, Ertzaintzarekin hizketan, Bilbon, Casilda Iturrizar parkean jarritako pantailaren eremuan. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2026ko abuztuaren 3a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak beste pertsona bat atxilotu du gaur, Itzubaltzetan (Getxo), Munduko Kopako finalaren egunean Bilbon izan ziren istiluen harira; hala jakinarazi du Aske antolakundeak. Talde horrek idatzi du «Cake Minuesa probokatzaileari aurre egiteagatik» atxilotu dutela Itzubaltzetako auzokide bat. 

Espainiako Poliziak beste bi lagun atxilotu zituen aurreko astean. Aske dira biak, epaileak hala erabakita behin-behinean. Gorroto delitua, lesioak eta desordena publikoak egotzita atxilotu zituen Poliziak. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak elkarretaratzera deitu du, Santa Eugenia plazan, 20:00etarako, gaur atxilotu dutena libre utz dezatela eskatzeko eta «azken asteetako jazarpena» salatzeko. 

Espainiako eta Argentinako futbol selekzioen arteko finala jokatu zen uztailaren 19an, eta Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan tentsio uneak eragin zituen Munduko Kopako final hark, partida ikusteko pantaila erraldoiak jarri baitzituzten zenbait udalek. Egun hartan bertan, Ertzaintzak hogei pertsona identifikatu zituen Bilbon. Horrez gain, Espainiaren aldeko zale bat ikertzen ari dira, manifestariei arma zuriz mehatxu egiteagatik.

Eskuduntzen eztabaida

Eusko Jaurlaritzako eskuduntzekin lotutako ika-mika eragin zuten, gainera, Espainiako Poliziak egindako atxiloketek. Polizia horrek ez zegozkion ekintza batzuk egin zituela salatu zuen Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak. Sailburuak gogorarazi zuen Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko 1989ko akordioan jasota dagoela Polizia bakoitzak zer lan egin behar dituen, Ertzaintzak, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, alegia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako itun horretan, Ertzaintzaren izaera integrala aitortzen da. 

Hala, argi esan zuen Espainiako Poliziaren atxiloketa horiek akordio horren ondoriozko «eginkizunen gainetik» zeudela. Bada, orain, Polizia horrek egindako atxiloketak ez dira bi, baizik hiru, gaur bertan egindako atxiloketa ere Espainiako Poliziak egin baitu. Ikusteko dago Jaurlaritzak berriro protesta egingo duen ala ez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA