Zenbait istilu izan dira Espainiak Argentinaren aurka jokatu duen Munduko Kopako finalaren bueltan, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu, zazpi ikertu eta 31 identifikatu. Atxiloketak eta ikerketak Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Berrizen (Bizkaia) izan dira. Eusko Jaurlaritzak «gaitzetsi» egin ditu gertatutako erasoak. «Horrelako jokabideak bateraezinak dira gure herria definitzen duten errespetu eta bizikidetza balioekin». Gainera, eraso dieten pertsonei elkartasuna adierazi die: «Errespetuan, gizalegean eta edozein indarkeria mota arbuiatzean oinarritutako bizikidetzarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu».
EH Bildu ere batu da salaketara, eta erasoak gaitzesteaz gain, Euskal selekzioaren jokatzeko eskubideak aldarrikatu ditu. «Euskal Herriak nazio gisa aitortua izateko eskubidea du, eta, beraz, baita nazioarteko kirol lehiaketetean parte hartzekoa ere, munduko gainerako nazioen baldintza beretan».
Bilbon, istiluak finala hasi baino lehenago hasi dira. Zenbait pertsona PPk jarritako pantaila erraldoia zegoen eremura hurbildu dira, Casilda Iturrizar parkera, eta finala ikusteko zain zeudenei oldartu zaizkie. Pantailaren kable batzuk kendu dituzte, eta une batez emisioa eten dute. Bost pertsona identifikatu dituzte hor, eta beste bat ikertzen ari dira, ustez arma zuri batekin mehatxu egin duelakoan eta gauzak bota dituelakoan. Erasoaren ostean, emanaldia berreskuratu dute, eta Ertzaintzaren zaintzapean ikusi ahal izan dute finala Espainiaren jarraitzaileek. Beste istiluen ondorioz, guztira 21 lagun identifikatu dituzte.
Albiste agentzien arabera, Gasteizen gazte batzuek Espainiako elastikoa zeramaten bi zaleri eraso diete, piper gasa botaz eta joz. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu. Partida aurretik, hiru pertsona identifikatu zituen Arabako hiriburuan.
Donostian, gizon bat atxilotu dute agenteek, eta sei pertsona ikertzen ari dira. Berrizen (Bizkaia), gizon bat ikertu dute, bere ibilgailuarekin Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren bi lagunen autoa jotzeagatik.
Eibarren (Gipuzkoa), finala ikusteko pantaila erraldoi bat jarri zuten Untzaga plazan; partida hasi ondoren, aurpegia estalita zeukaten bi lagunek bengala batzuk piztu eta Espainiako bandera bat erre dute.
Berriozarren (Nafarroa), partida ikusten ari ziren Espainiako soldadu batzuei eraso egin die talde batek, jatetxe batean, 22:30ean. Sare sozialetan zabaldu den bideo batean ikusten denez, beltzez jantzita zihoazen eraso egin dutenak. EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, Espainiako armadak Aitzoainen duen kuarteleko soldaduak zeuden jatetxeko terrazan orduan, eta gutxienez hiru pertsona zaurituta daude. Batek ebakia du buruan, eta saihets batzuk hautsita, eta beste batek sudurreko haustura du.