Etxanobe «ezustean» harrapatu du Bengoetxearen izendapenak, eta Estebanek ez zuen haren berri

EAJko BBBk Ibone Bengoetxea proposatu zuen atzo Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko. Ansola BBBko presidenteak aitortu duenez, Jaurlaritzako sailburuaren hautagaitzak «ilusio handiagoa» pizten du.

Bengoetxea eta Etxanobe, urtarrilean egindako agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bengoetxea eta Etxanobe, urtarrilean egindako agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 9a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo iragarri zuen EAJko BBBk Ibone Bengoetxea proposatuko dutela Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko; hortaz, Elixabete Etxanobe oraingo ahalduna ordezkatuko du hautagai gisa maiatzeko hauteskundeetan. Ezusteko aldaketa izan da, bai Etxanoberentzat eta bai Aitor Esteban EBBko presidentearentzat. Etxanobek gaur goizean esan du ez zuela espero: «Erabateko sorpresa izan da niretzat; atzo jakinarazi zidaten, eta oraindik ez dakit zergatia». Gaineratu du ustekabea handiagoa dela Iñigo Ansola BBBko presidentearekin hitz egin zuelako lehenago gaiari buruz: «Martxoaren 5ean, Ansolak bilera batean esan zidan ni proposatu ninduela hautagai izateko; baiezkoa eman nuen».

Ansola aldaketa horri buruz mintzatu da Radio Euskadin, gaur goizean. Esan du Etxanobe oso hautagai ona izan zitekeela, baina «daukaten onena» aurkeztu behar dutela. Erantsi du Bengoetxearen hautagaitzak «ilusio handiagoa» pizten duela, eta «babes sozial handiagoa» lortu nahi dutela, Bizkaian gehien bozkatutako alderdia badira ere.

Izendapenaren bidez jauzi bat egin dutela aitortu du Ansolak, eta jende askorekin hitz egin eta hausnartu ondoren eman dutela: «Beste ziklo instituzional bat ikusita, erabaki dugu EAJ ondoena ordezkatuko duen hautagaia aurkeztea». Argudiatu du Bengoetxea militantea dela, herrialdearekin konprometituta dagoela eta «ezin hobeto» ezagutzen dituela herrietako ordezkaritzak: «Berak oso ondo ezagutzen du Bizkaiko Foru Aldundia; beraz, iruditzen zaigu oso positiboa dela herritarrei lider berri hori eskaintzea». Bengoetxea, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua da, eta lehenago Bilboko Udaleko alkateorde, Eudeleko presidente eta foru diputatua izan da. 

Azkenik, jertzaleek Bengoetxea bozkatzen badute eta hautagaia izaten bada, Eusko Jaurlaritzak Kultura sailburu berri bat izendatu beharko du; lehen aldaketa litzateke, 2024an sortu zenetik ez baita sailbururik aldatu. Kultura sailburua, oraintxe, Argentinan eta Uruguain dago, Eusko Jaurlaritzak «euskal komunitateekin loturak indartzeko eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartzeko» egin duen bidaia batean.

Aitor Esteban EAJko presidenteak atzo bertan ETB2ko ‘En Jake’ saioan goraipatu zuen Etxanoberen ibilbide politikoa, BBBk bilera izan baino ordu batzuk lehenago —16:00etan egin zuten bilera—. Ansolak gaur aitortu duenez, Estebanek ez zekien Bengoetxeak Etxanobe ordezkatuko zuenik: «Bilera baino lehenago esan nion zein zen nire asmoa; hedabideen aurrean hitz egin zuenean ez zekien».

BBBko presidenteak adierazi du aldaketak ez duela esan nahi konforme ez daudenik orain arte egindako lanarekin: «Oso pozik gaude gaur egungo ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobek, egin duen eta egiten ari den lanarekin». Etxanobek lau urte baino ez ditu egin karguan, eta aurretik ahaldun nagusi izandako azken alderdikideek bi legegintzaldi egin zituzten gutxienez.

Gaur goizean Zallan (Bizkaia) zegoela hedabideen aurrean egindako adierazpenetan esan du bera «alderdikidea» dela, eta «errespetu osoz» onartzen duela bai BBBren erabakia, baita alderdiaren estatutuek ezartzen dituzten prozesuak ere. Jaso dituen «animo, maitasun, harridura eta pena» adierazi dioten mezu guztiak eskertu ditu, eta jakinarazi du Gernikan kargua hartu zueneko konpromiso berarekin segituko duela lanean. Ez du etorkizunerako iragarpenik egin nahi izan, ez Bengoetxeari buruz iritzirik eman nahi izan, ez Estebanekin izan duen edo izan ez duen kontaktuari buruzko aipamenik egin nahi izan. 

Zerga erreforma

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo bertan iradoki zuen Etxanobek Bizkaian proposatu zuen zerga erreforma izan litekeela aldaketa egiteko arrazoietako bat. Hautsak harrotu zituen Etxanobek eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak ekainean egindako proposamenak: egiteko moduagatik —PSE-EE uzkur agertu zen, eta esan zuen proposamena ez zutela haiekin hitzartu; abstentziora jo zuten— eta proposatutako neurrien edukiagatik —sindikatuek gogor kritikatu zuten, eta «patronalaren neurrira» egindako erreforma zela adierazi—. Ansolak gaur espresuki ukatu du aldaketak horrekin zerikusia izatea, eta gainerako ordezkariei eskatu die alderdietako barne kontuetan ez sartzeko. 

Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak iritzi dio ezez, aurpegiak aldatzea baino, politikak aldatzea behar duela Bizkaiak, «gizarteak behar dituen aldaketak martxan jartzeko». Dena dela, EAJren barne gatazkaz ere hitz egin du: «EH Bilduren aburuz, Elixabete Etxanoberen aldaketa bortitzak agerian uzten ditu, alde batetik, EAJren barneko tentsioak eta, bestetik, alderdia zein urduri dagoen EH Bilduren gorakada dela eta».

Casanovak uste du Bizkaian «inoiz izandako lehiarik handiena» izango dela hurrengo hauteskundeetan, eta horrek urduritasuna eragin duela zenbait esparrutan. Gaineratu du ez dutela EAJren «barne arazoetan» zertan sartu, baina horrek eragina duela gizarte osoan eta, kasu honetan, Bizkaia osoan. «Fideltasunak saritzen dira proiektuak baino gehiago».

Amaya Fernandez Bizkaiko PPko presidenteak esan du ez zaiela asko axola BBBk Bengoetxearen hautagaitza aurkeztu izana, biek «proiektu nazionalista bera» ordezkatzen dutelako, eta, bietako edozein izanda ere, botoetan irabazi nahi dituztela. 

Bengoetxearen izendapenarekin, atzo argitu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren gidaritza hartzeko lehian arituko diren hautagai nagusiak. Casanova bera izango da EH Bilduren hautagaia, eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatua PSE-EErena. Richar Vaquero Ahal Dugu-ko burua ere prest dago bere alderdiaren zerrendaburu izateko. PPk, berriz, oraindik ez du argitu zein aurkeztuko duen. Alderdiak duela gutxi berretsi du Amaya Fernandez Bizkaiko buruzagitzan, eta hura ahaldungai izana da 2019ko bozetan. 2023an, berriz, Raquel Gonzalez izan zen Alderdi Popularraren hautagaia, orduan Bizkaiko PPko presidente zena. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA