«Hegoaldeko tren saihesbideari bai, baina ez edozein preziotan». Horrela laburbildu ditu bere eskaerak azpiegitura horren trazadura salatzeko Arrigorriagan (Bizkaia) sortutako herri plataformak. Bilboko Portutik Europara doan salgaien garraioa bideratzeko saihesbideak udalerria erdibituko luke, egungo trenbideak bezalaxe; baina zarata, dardara eta beste eragozpen batzuk areagotuta. Horiek horrela, Arrigorriagan tren saihesbidea lurperatzeko edo herrigunetik ateratzeko eskatu dute.
Madalen jaietan etenune bat eginez, ehunka herritarrek egin dute manifestazioa Arrigorriagan, hegoaldeko tren saihesbiderako aurreikusitako trazaduraren kontra daudela adierazteko. Otsailean azpiegitura horren bigarren faseari dagokion informazio azterlana ezagutarazi zenetik, kezka dago herrian. Tren saihesbidea eraikuntza fasean dago, eta Bilboko Portua Europako eta penintsulako beste trenbide korridore batzuekin «hobeto lotzeko» balioko du, haren sustatzaileek diotenez.
Xabier Solorzano Arrigorriagako talde ekologistako kideak adierazpen bat irakurri du, manifestazioa bukatuta. «Proiektu hau salgaien trenak herriguneetatik ateratzeko sortu zen, besteak beste, eta Arrigorriaga izango da ibilbide osoan hori beteko ez den herri bakarra», gaitzetsi du. Bigarren fase honetan, zortzi kilometroko tunel bat egitea aurreikusten dute. Baina, teknikariek proposatutako alternatiba bietan trenbidea lurpetik aire zabalera irtengo litzateke Arrigorriagan, eta herria erdibituko luke, gaur egungo trenbideak bezala, baina oraingo albo kalteak «ugarituta».
Aurreikuspenen arabera, egunero 96 merkantzia tren astun igaroko dira Arrigorriagatik, eta horietako batzuek salgai arriskutsuak garraiatuko dituzte
Horiek horrela, tren saihesbidea kilometro bat luzatzeko eskatu zuten hainbat arrigorriagarrek, Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean, ekainaren 23an.
«Kontraesana izugarria da», esan du Solorzanok. Portutik datozen trenak, Arrigorriagatik baino lehen, Basauritik pasatzen dira. Han ere, aire zabaletik igarotzekoak ziren, baina informazio azterlana argitara atera zenean ailegatu zen sorpresa: Basauri lurpetik zeharkatuko du trenbideak.
Ondorio kaltegarriak eta alternatibak
Aurreikuspenen arabera, egunero 96 merkantzia tren astun igaroko dira Arrigorriagatik, eta horietako batzuek salgai arriskutsuak garraiatuko dituzte—erregaiak, industria hondakinak, produktu kimikoak eta antzeko materialak—, «horrek daukan arriskuarekin». Solorzanok zehaztu dutenez, gutxi gorabehera, 720 metrora arteko luzera izango dute trenek. Are, hiru minutu beharko dituzte udalerri osoa igarotzeko. «Beraz, isiltasunak 12 minutu baino ez du iraungo», nabarmendu du herri plataformako kide Jon Artetxek.
«Zarata jasanezina izango dugu hamabost minuturik behin, gau eta egun. Gainera, etxebizitza ugari trenbidetik hamabost metro baino gutxiagora daude», gehitu du Solorzanok. Hala ere, eragozpenak ez dituzte soilik etxeetan igarriko. Trenbidetik 33 metrora dago haur eskola, hogei metrora osasun zentroa, eta hirurogei metrora eskola publikoa. Arriskuetatik ere gertu egongo dira, beraz.
Gaur egungo trenbideak bitan zatitzen du Arrigorriaga, eta aurreikusitako tren saihesbidearekin ere berdin jarraituko luke. Hori dela eta, herri plataformakoek «etorkizunera begirako arrazoizko alternatiba bat» defendatzen dute: trenbidea lurperatzea, Basaurin egingo duten bezalaxe.
Eragozpenak ez dituzte soilik etxeetan igarriko. Trenbidetik 33 metrora dago haur eskola, hogei metrora osasun zentroa, eta hirurogei metrora eskola publikoa
Horixe bera egin dezatela eskatzen du udalak alegazioetan proposatu duten alternatibetako batek. Beste bat ere egin du: trenbidea aire zabaletik joaten bada, joan dadila herrigunetik kanpo. Bi aukera horiek azter ditzatela eskatu zuten ekainaren 23an legebiltzarrean izan ziren herritarrek. Guztira, 2.600 alegazio aurkeztu dituzte arrigorriagarrek.
«Horrek bizi kalitatea hobetuko luke, kalterik ez litzateke izango, eta herritarrek erabiltzeko gune berriak sortzeko modua emango luke», adierazi dute.
Bestalde, herritarren ustez, tren saihesbideak «bidaiarien tren zerbitzuaren saturazioa» areagotuko luke eta trenbidearen ahalmena mugatu, azpiegitura berria horiek arintzeko ere proiektatu zuten arren.
Herritarren ongizatea
Arrigorriagako Udalean EH Bilduk agintzen duen arren, gai horren inguruan «adostasun sozial eta politiko osoa» dagoela aipatu dute deitzaileek: «Alderdi guztiak daude egungo ibilbide egitasmoaren aurka, eta herritarrek hainbat eratara erakutsi dute errefusa. Gaurkoa ere horren erakusle da», azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioari, ordea, «erantzukizunari izkin egitea» eta «ardurak batak besteari egoztea» leporatu diete. «Are, batzuek aditzera eman nahi dute arazoa teknikoa dela, baina argudio horrek ez du sinesgarritasunik. Ez dituzte benetako alternatibak aztertu: gakoa herritarren ongizatea erdigunean jartzea da, aitzakia faltsurik gabe», kritikatu du Solorzanok.

Horiek horrela, gaurko manifestazioan eskatu dute ez dadila ingurumen eraginari buruzko baimena onartu, alternatiba guztiak behar bezala aztertu arte, udalak proposatutako bi aukerak barne.
EAJren agerraldia Madrilen
Bitartean, joan den ostegunean, Madrilen egin zuten agerraldia Arabako eta Bizkaiko EAJko bederatzi alkatek eta ordezkarik; eta haien artean zen Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako Udaleko EAJko ordezkaria. Espainiako Kongresuan legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten jeltzaleek, udalerri horietan hegoaldeko tren saihesbideak izango duen eragina arintzeko jarduera plan bat eskatzeko Espainiako Gobernuari.
Barakaldo Naturala talde ekologistak, ordea, ez zuen begi onez hartu Madrilgo agerraldia. Besteak beste, EAJren «hipokrisia eta elektoralismoa» salatu zituen, eskaera hori Eusko Jaurlaritzari ez egiteagatik, «erakunde hori baita azpiegitura horren trazadura diseinatzearen arduradun nagusia bere bi faseetan».