Jauzi Ekosozialak uste du Loiuko aireportuan bidaiari gehiago egoteak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela

Bilboko aireportuan 800.000 bidaiariren muga gainditu da hilabete bakar batean, historian lehen aldiz. Jauzi Ekosoziala talde ekologistaren ustez, ordea, hegazkina gero eta gehiago erabiltzeak kalte egiten dio ingurumenari eta herritarren osasunari.

Jauzi Ekosozialak Sondikako (Bizkaia) aerodromora egindako bizikleta martxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jauzi Ekosozialak Sondikako (Bizkaia) aerodromora egindako bizikleta martxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
2026ko abuztuaren 14a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko uztailarekin alderatuta, %16,8 handitu da bidaiari kopurua Bilboko aireportuan; 806.402 pasaiari izan dira guztira. Loiuko aireportuaren historian lehen aldia da 800.000 bidaiariren muga gainditzen dena hilabete bakar batean. Jauzi Ekosoziala talde ekologistak, ordea, ez ditu ondo hartu emaitza horiek, «ekologian ondorioak» baitauzka hegazkina gero eta gehiago erabiltzeak. Horiek horrela, erakunde publikoei eskatu diete utz diezaiotela hegazkin bidezko garraioa sustatzeari. «Bereziki larria iruditzen zaigu gertakari honek erregistratuta dagoen udarik beroenarekin bat egin duelako», azpimarratu dute.

Jauzi Ekosoziala talde ekologistaren arabera, hegazkina da bidaiatzeko dagoen «modurik kutsagarriena»; eta, beraz, haren erabilera areagotzeak «berotegi efektuko gasen isuria handitzea» dakar. «Urtez urte handituz doaz sektore horren isuriak, eta, 1990etik hona, bi halakotu egin dira. Hau da, isuriak murriztu behar ditugun garaian, sektore honetan gora eta gora doaz», esplikatu dute naturazaleek. Zehaztu dutenez, gutxi gorabehera, «Europako Batasuneko isurien %5» dira sektore horrek sortzen dituenak. «Gainera, munduko biztanleen %1ek eragiten dituzte hegazkinen emisioen erdiak, eta horrek argi uzten du desberdintasun sozialen eta aireko garraioaren arteko lotura», gehitu dute.

Horrez gain, hegaldien kopurua handitzeak inguruko bizilagunen osasunari kalte egiten diola gogorarazi du Jauzi Ekosozialak: «Zarata, lo arazoak eta estresa areagotzen ditu, eta airearen kutsadurak kalte egiten dio arnas sistemari», azaldu dute. Haien ustez, eragin negatibo horiek askoz gehiago handituko dira Loiuko aireportua handituz gero —aurreikusia dago handitzea—.

Plataformak uste du «murriztu» egin behar dela hegaldi kopurua, klima larrialdiari aurre egiteko. Hortaz, erakunde publikoei eskatu die aireko garraioaren aldeko politikak alde batera utz ditzatela eta diru publikoa trena eta autobusa hobetzeko erabil dezatela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA