Jauzi Ekosozialak uste du Loiuko aireportuan bidaiari gehiago egoteak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela

Bilboko aireportuan 800.000 bidaiariko muga gainditu da hilabete bakar batean, historian lehen aldiz. Jauzi Ekosoziala talde ekologistaren ustez, ordea, hegazkina gero eta gehiago erabiltzeak kalte egiten dio ingurumenari eta herritarren osasunari.

Jauzi Ekosozialak Sondikako (Bizkaia) aerodromora egindako bizikleta martxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jauzi Ekosozialak Sondikako (Bizkaia) aerodromora egindako bizikleta martxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
2026ko abuztuaren 14a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko uztailarekin alderatuta, %16,8 igo da bidaiari kopurua Bilboko aireportuan; 806.402 pasaiari, guztira. Loiuko aireportuaren historian lehen aldia da 800.000 bidaiariko muga gainditzen dena hilabete bakar batean. Jauzi Ekosoziala talde ekologistak, ordea, ez ditu ondo hartu emaitza horiek, «ekologian ondorioak» baitauzka hegazkina gero eta gehiago erabiltzeak. Horiek horrela, erakunde publikoei eskatu diete utz diezaiotela hegazkin bidezko garraioa sustatzeari. «Bereziki larria iruditzen zaigu gertakari honek erregistratuta dagoen udarik beroenarekin bat egin duelako», azpimarratu dute.

Jauzi Ekosoziala talde ekologistaren arabera, hegazkina da bidaiatzeko dagoen «modurik kutsakorrena»; eta, beraz, haren erabilera areagotzeak «berotegi efektuko gasen isuria handitzea» dakar. «Urtez urte handituz doaz sektore honen isuriak eta, 1990etik hona, bikoiztu egin dira. Hau da, isuriak murriztu behar ditugun garaian, sektore honetan gora eta gora doaz», esplikatu dute naturazaleek. Zehaztu dutenez, gutxi gorabehera, «Europar Batasuneko isurien %5a» da sektore horrek sortzen duen kutsadura. «Gainera, munduko biztanleen %1ek eragiten dituzte hegazkinen emisioen erdia, desberdintasun sozialen eta aireko garraioaren arteko lotura argi utziz», gehitu dute.

Horrez gain, hegaldien kopuruaren handitzeak inguruko auzokideen osasunarengan kalteak eragiten dituela gogorarazi du Jauzi Ekosozialak: «Zaratak, lo arazoak eta estresa areagotzen ditu eta airearen kutsadurak arnas sistema kaltetzen du», azaldu dute. Haien ustez, eragin negatibo horiek askoz gehiago handituko dira Loiuko aireportua handituz gero, aurreikusi bezala.

Plataformak uste du «murriztu» egin behar dela hegaldi kopurua, klima larrialdiari aurre egiteko. Hortaz, erakunde publikoei eskatu diete aireko garraioaren aldeko politikak alde batera uztea, eta diru publikoa trena eta autobusa hobetzera bideratzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA