Behin-behinean espetxean sartu dute atzo Getxon (Bizkaia) atxilotu zuten 30 urteko gizonezkoa. Zenbait adingaberen sexu askatasunaren aurkako delitua egitea egotzita atxilotu zuen Ertzaintzak. Gaur arratsaldean deklaratu du epailearen aurrean, eta epaileak berak eman du espetxeratzeko agindua.Â
Asteazkenaz geroztik, gutxienez lau salaketa jarri dira haren kontra. Salaketak jaso ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta atzo atxiki zuen gizona. Ertzaintzaren arabera, gizonak ez du aurrekaririk. Poliziak ikerketa zabalik du oraindik, beste biktimarik ba ote den argitzeko.
Atxilotua Itzubaltzeta auzoko futbol talde bateko entrenatzailea da. Klubak ohar bat kaleratu du erasoak salatzeko eta kaltetuen senideei elkartasuna adierazteko. Halaber, iragarri du barne protokoloa martxan dagoela. Getxoko Udalak ere gertakariak gaitzetsi zituen atzo, ohar bidez. Bestalde, Itzubaltzetako talde feministak elkarretaratzera deitu du bihar eguerdirako, gertakariok salatzeko asmoz: Gobela kiroldegiaren aurrean elkartuko dira.

