Tubos Reunidosek jatorrizko enpresa likidatuko du, eta burtsatik desagertuko da

Erabakiak ez du eraginik izango lantegietan, aurki jabe berria izango dutelako, baina akzioek balioa galduko dute. Konkurtso kudeatzailea bihar bilduko da langileen ordezkariekin.

Tubos Reunidosen akziodunen batzar bat, artxiboko irudi batean. TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosen akziodunen batzar bat, artxiboko irudi batean. TUBOS REUNIDOS
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 20a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidos taldeko administrazio kontseiluak TRSAren likidazioa eskatu du. Taldearen ernamuina da TRSA, jatorrizko enpresa, eta hark kontrolatzen ditu ekoizpen lantegiak. Orain arte burtsan kotizatzen zuen, baina akzioen balioa hondoa jota zegoen.

Taldea hartzekodunen konkurtsoan sartuta dago, eta haren kontrola hartzeko asmoa duten hautagaietako bakar batek ere ez zuen TRSA sartu bere eskaintzan, eta horregatik egin du eskaera kontseiluak. Kontseiluak, baina, ezin du halakorik erabaki: hartzekodunen konkurtsoa gidatzen ari den epailearen oniritzia behar du, baina ondo bidean ez du eragotziko.

Tubos Reunidosek CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari eta langileei bidalitako barne komunikatu baten bitartez jakinarazi du erabakia, eta lasaitasuna helarazi nahi izan du: «Garrantzitsua da argitzea erabaki honek ez duela eragingo lantegiak ixtea, eta ez duela baldintzatuko ekoizpen unitateen salmenta. Prozesu jorrek berdin segituko du, eroslerik onena aurkitzeko eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko helburuz».

21,3 milioi euro akziotan

Erabakiak zer eragin du orduan? TRSAk zortzi langile ditu gaur egun, eta bulego batzuk Madrilen. Administrazio kontseiluak argitu du ez dituztela kaleratuko eta lanean jarraituko dutela enpresaren salmenta prozesuan laguntzeko. Izan ere, horrelako likidazio prozesu bat ez da laburra, eta litekeena da hartzekodunen konkurtsoa garatutakoan amaitzea.

Enpresaren akziodun nagusiak administrazio kontseiluko kideak dira. Zorrilla Lekerika familiak %10,26 du, Barandiaran sendiak %5,21, eta BBVAk %5

Eraginik nabarmenena akziodunek pairatuko dute. TRSAk 174.680.888 akziotan banatuta dago gaur egun, eta guztien artean 21,3 milioi euroko balioa dute. Atzo 0,1483 euroan zeuden burtsan, eta erabaki horren ondoren desagertu egingo dira. Deigarria da 2007an 5,5 euroan ere egon zirela, inoizko baliorik handiena, baina 2018az geroztik euro batetik beherakoa izan dute prezioa. Enpresak 300 milioi euroren zorrak ditu, eta galerak pilatu ditu azken urteetan. 

Akziodun gehienak administrazio kontseiluko kideak dira. Zorrilla Lekerika familiak akzioen %10,26 ditu, Barandiaran familiak %5,21, BBVA bankuak %5 inguru, eta Emilio Ybarra Aznar presidenteordeak %1,53. Beste akzioak akziodun txikien artean banatuta daude.

Sindikatuekin bilera

Administrazio kontseiluak arrazoi du bere oharrean: likidazio horrek ez du eraginik hartzekodunen konkurtsoan. Enkantean parte hartzen ari diren enpresei interesatzen zaiena ekoizpen instalazioak dira, eta, haien bitartez, langileak eta bezero zorroa.

Prozesu horretan, biharkoa gorriz markaturiko egun horietako bat da. PKF Attest aholkularitza zerbitzuko kudeatzaileak —hark darama konkurtsoa— publiko egin zituen enkanteko lehen galbahea pasatu zuten bost eskaintzen xehetasun batzuk, eta gaur Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) langileen ordezkariekin biltzekoa da —Traparangoekin goizean, eta Amurriokoekin arratsaldean—, haiei argibide gehiago emateko.

Tubos Reunidoseko langileak
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat. Mobilizazio ugari antolatu zituzten zuzendaritzak egin asmo zuen lan erregulazioa bertan behera uzteko. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jakina da Jose Antonio Jainaga dela lehen galbahea pasatu duten enpresarietako bat. Hori bai, ez da argitu Sidenor Basauriko altzairutegi gisa aurkeztu den, edo Mirai enpresa talde gisa. Zabaldu denez, Welspun World Indiako altzairugintza multinazionalak ere interesa erakutsi du. Arlo ekonomikoari dagokionez, zaila izango da hark baino finantza giharrik handiagoa duen hautagairen bat egotea.

Azken egunetan, hautagaien galderei erantzun die konkurtsoaren kudeatzaileak, eta haiei garaia iritsi zaie behin betiko eskaintzak egiteko. Ez da espero hasierakoak asko aldatzea; gauzak hala, bik bakarrik dute interesa bi lantegietan, beste batek alokairu sistema baten bitartez kudeatuko luke Amurriokoa, eta bostek aurreikusten dute langile kopurua murriztea —Amurriokoak 900 langile ditu, eta Trapagarangoak, 400 inguru—.

Akordioa, ezinbestekoa

Hor sartzen da sindikatuen aldagaia. Enkantea irabazten duen hautagaiak langile batzordeen oniritzia lortu behar du. Sindikatuek onespena eman behar diete haren asmoei, eta, hala izan ezean, hautagai horrek aukera du atzera egiteko. Eskubidea du argudiatzeko ez duela bermerik enpresa salbatzeko hartu nahi dituen erabakiak gauzatzeko. Prozesu osoko pausorik luzeena da, eta kudeatzaileak hirurogei eguneko epea aurreikusten du negoziatzeko.

Negoziazio horiek ez dira errazak izango, ez behintzat Amurrion. Hartzekodunen konkurtsoa hasi aurretik, mobilizazioak antolatu zituzten aurreko kudeatzaileek iragarritako erregulazio txostenaren aurka. Haren asmoa 300 langile kaleratzea eta Amurrioko fundizioa itzaltzea zen. Langileek bi hilabete egin zituzten greban, enpresak atzera egin zuen arte. Trapagaranen, berriz, erregulazioaren alde bozkatu zuten —eragina askoz txikiagoa zen—, eta geroztik gaiztotu egin zen bi instalazioetako langileen arteko giroa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA