Tubos Reunidosek jatorriko enpresa likidatuko du eta burtsatik desagertuko da

Erabakiak ez du eraginik izango plantetan, aurki jabe berria izango dutelako, baina akzioek haien balioa galduko dute. Konkurtso kudeatzailea bihar bilduko da langileen ordezkariekin.

Tubos Reunidosen akziodunen batzar bat, artxiboko irudi batean. TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosen akziodunen batzar bat, artxiboko irudi batean. TUBOS REUNIDOS
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 20a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidos taldeko administrazio kontseiluak TRSAren likidazioa eskatu du. TRSA taldearen kimua da, jatorrizko enpresa, eta hark kontrolatzen ditu ekoizpen plantak. Orain arte burtsan kotizatzen zuen, baina akzioen balioa hondoa jota zegoen.

Taldea hartzekodunen konkurtsoan sartuta dago, eta haren kontrola hartzeko asmoa duten hautagaietako bakar batek ere ez zuen TRSA sartu bere eskaintzan eta horregatik egin du eskaera kontseiluak. Kontseiluak, baina, ezin du erabaki hori hartu, hartzekodunen konkurtsoa gidatzen ari den epailearen oniritzia behar du, baina ondo bidean ez du eragotziko.

Tubos Reunidosek CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari eta langileei bidalitako barne komunikatu baten bitartez jakinarazi du erabakia, eta lasaitasuna barreiatu nahi izan du: «Garrantzitsua da argitzea erabaki honek ez duela planten itxiera eragingo eta ez duela ekoizpen unitateen salmenta baldintzatuko. Prozesu jorrek berdin segituko du erosle onena aurkitzearen eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko helbururekin».

21,3 milioi akziotan

Erabakiak zer eragin du orduan? TRSAk egun zortzi langile ditu eta bulego batzuk Madrilen. Administrazio kontseiluak argitu du ez dituztela kaleratuko eta lanean jarraituko dutela enpresaren salmenta prozesuan laguntzen. Izan ere, horrelako likidazio prozesu bat ez da laburra, eta litekeena da hartzekodunen konkurtsoa garatu artean amaitzea.

Enpresaren akziodun nagusiak administrazio kontseiluko kideak dira. Zorrilla Lekerika familiak %10,26 ditu, Barandiaran sendiak %5,21 eta BBVAk %5

Eragin nabarmenena akziodunek pairatuko dute. TRSAk egun 174.680.888 akziotan banatuta dago eta guztien artean 21,3 milioi euroko balioa dute. Atzo 0,1483 euroan zeuden burtsan eta erabaki honen ondoren desagertu egingo dira. Deigarria da 2007an 5,5 eurora egotera iritsi zirela, inoizko prezio handiena, baina 2018az geroztik haien prezioa euro batetik beherakoa izan da. Enpresak 300 milioi euroko zorrak du eta azken urteetan galerak pilatu ditu. 

Akziodun gehienak administrazio kontseiluko kideak dira. Zorrilla Lekerika familiak akzioen %10,26 ditu, Barandiaran familiak %5,21, BBVA bankuak %5 inguru eta Emilio Ybarra Aznar presidenteordeak %1,53. Beste akzioak akziodun txikien artean banatuta daude.

Sindikatuekin bilera

Administrazio Kontseiluak arrazoi du bere oharrean, likidazio honek ez du eraginik hartzekodunen konkurtsoan. Enkantean parte hartzen ari diren enpresei interesatzen zaiena ekoizpen plantak dira, eta haien bitartez, haien langileak eta haien bezero poltsa.

Prozesu horretan, biharkoa gorriz markaturiko egun horietako bat da. PKF Attest aholkularitzako kudeatzaileak —hark darama konkurtsoa— enkanteko lehen galbahea pasatu zuten bost eskaintzen xehetasun batzuk egin zituen publiko, eta gaur Trapagarango (Bizkaia), goizez, eta Amurrioko (Araba), arratsaldez, langileen ordezkariekin biltzekoa da haiei argibide gehiago emateko.

Tubos Reunidoseko langileak
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat. Mobilizazio ugari deitu zituzten zuzendaritzak egin asmo zuen lan erregulazioa bertan behera uzteko. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jakina da lehen galbahea pasatu duen enpresarietako bat Jose Antonio Jainaga dela. Hori bai, ez da argitu Sidenor Basauriko altzairutegi gisa aurkeztu den edo Mirai enpresa talde gisa. Zabaldu denez Welspun World Indiako altzairugintza multinazionalak ere interesa erakutsi du. Arlo ekonomikoari dagokionez, zaila izango da hark baino gihar finantzario handiagoa duen hautagairen bat egotea.

Azken egunetan hautagaien galderak erantzun ditu konkurtsoaren kudeatzaileak, eta haiei behin betiko eskaintzak egiteko garaia iritsi zaie. Ez da espero hasierakoak asko aldatzea; gauzak hala, bik bakarrik dute interesa bi plantetan, hirugarren batek alokairu sistema baten bitartez kudeatuko luke Amurriokoa, eta bostek aurreikusten dute langile kopurua murriztea —Amurriokoak 900 langile ditu eta Trapagarangoak 400 inguru—.

Akordioa, ezinbestekoa

Hor sartzen da sindikatuen aldagaia. Enkantea irabazten duen hautagaiak langile batzordeen oniritzia lortu behar du. Sindikatuek onespena eman behar diote bere asmoei, eta hala izan ezean hautagai horrek atzera egiteko aukera du. Enpresa salbatzeko hartu nahi dituen erabakiak gauzatzeko bermerik ez duela argudiatzeko eskubidea du. Prozesu osoko pauso luzeena da, eta kudeatzaileak hirurogei eguneko epea aurreikusten du negoziatzeko.

Negoziazio horiek ez dira errazak izango, ez behintzat Amurrion. Hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik mobilizazioak deitu zituzten aurreko kudeatzaileek iragarri zuten erregulazio txostenaren aurka. Haren asmoa 300 langile kaleratzea eta Amurrioko fundizioa itzaltzea zen. Langileek bi hilabete egin zituzten greban enpresak atzera egin zuen arte. Trapagaranen, aldiz, erregulazioaren alde bozkatu zuten —eragina askoz txikiagoa zen— eta hartaz geroztik gaiztotu egin zen bi plantetako langileen arteko giroa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA