Duela bi urte baino gehiago abiatu zuen Durangoko Epaitegiak Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) luiziari buruzko beste kausa bat, lurralde antolaketaren kontrako ustezko delituengatik, eta 2026 hasieran jakinarazi zuten Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (EH Bildu) eta udaleko beste hiru langile inputatu zituztela. Haiekin batera, beste bost pertsona ikertzeko eskatu zuen epaitegiak; bada, gaur Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bederatzi horietatik lau ikertu behar direla berretsi du, denek helegitea jarri ondoren.
Lau horietako bat Baigorri da, 2011tik 2018ra Zaldibarko alkatea izandakoa. Azkenean ikertu gisa deklaratu beharko ez dutenei dagokienez, auzitegiak azaldu du haien defentsa eskubidea urratua izan zela, behin instrukzio fasea amaituta zegoela onartu baitzen haiek ikertu gisa deklaratzea, defentsa estrategia prestatzeko tarterik eman gabe.
Ikertu gisa deklaratu beharko dutenei buruz, berriz, auzitegiak azaldu du Ertzaintzak atestatu bat bidali zuela 2025eko ekainaren 16an, eta horren ostean jakin dela ikertu horiek ustez delituetan parte hartu zutela. «Epaileak deklaratzera deitu zituenean instrukzio aldia oraindik ez zen amaitu».
EH Bilduren erantzuna
Bizkaiko Auzitegiak Baigorrik deklaratu beharko duela berretsi ostean, EH Bilduk ohar bat argitaratu du, koalizioaren azalpenak plazaratzeko. Gogorarazi dutenez, bi akusazio egin dizkiote Baigorriri: enpresari lurra oker erabiltzen uztea eta erabilera hori finkatzea HAPO hiri antolamendurako plan orokorraren bidez. Lehenengoari dagokionez, koalizioak gogorarazi du zabortegiaren eraikuntza eta ustiaketa faseak kontrolatzea eta ikuskatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, hark ematen baitu IBB ingurumen baimen bateratua: «Gertatutakoa ikusi ondoren, garbi dago inspekzio kontrolak ez zirela nahikoa izan edo ez zirela ondo egin», esan du koalizioak.
Nabarmendu dutenez, horrek eragin zuen luizia, eta koalizioak uste du interes bat dagoela gertatutakoaren erantzukizun politikoa EH Bilduri egozteko. Koalizioak esan du ez duela hori onartuko: «EH Bildu beti egon da zabortegiaren zabalpenaren aurka, eta hala adierazi du publikoki askotan». Beraz, Zaldibarko udal gobernu ohiaren erantzukizuna hiri antolamenduaren aferakoa da, ez ingurumen baimenarena, eta EH Bilduk gogorarazi du Zaldibarko Udalak ez dituela nahikoa baliabide halako azpiegitura baten ebaluazioak eta tramiteak egiteko.
Eta HAPOari dagokionez, EH Bilduk gogorarazi du Zaldibarko Udalak egindako planean jasotako txosten tekniko guztiak aldekoak izan zirela; hau da, denek onartzen zutela lurraren erabilera irregularra, «jarduketa hori atzeraezina zela onartuta». Horregatik uste dute alkate ohiari egozten dizkioten delituak ezin direla justifikatu, ez zuelako etekinik atera eta teknikari guztien babesa jaso zuelako. Azkenik, gogorarazi dute Zaldibar 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria dela eta, beraz, halakoen HAPOak Bizkaiko Foru Aldundiak onartu behar dituela behin betiko: «Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik, Imanol Pradales Gil orduko Azpiegitura eta Lurralde Antolamenduko diputatuak eman zion azken onespena 2020an», azaldu zuen koalizioak.
Lurralde antolaketaren afera
Auzitegiak azaldu duen moduan, lurralde antolaketaren kontrako ustezko delituen auzia Zaldibarko luiziaren aferari buruzko hirugarren epaiketa da, nahiz eta ingurumenaren kontrako ustezko delitutik sortu, kausa nagusitik. Bada, jakin zenean alkate ohia, idazkari bat eta udaleko bi arkitekto ikertu behar zituztela, zalaparta sortu zen.
EH Bilduk bere burua defendatu zuen orduan, azalduz udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera garatu zela udalaren jarduna. Zaldibar Argitu plataformak, bestalde, «arreta ez desbideratzeko» eskatu zuen Baigorriren inputazioa filtratu zenean, iritzi baitzion luiziaren atzean zer zegoen argitzea zela funtsezkoena.
Baina zertan datza lurralde antolaketaren afera? Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta, beraz, lurralde antolaketari buruzko arauak urratu. Zehazki, enpresak eraikuntzak egin eta hondakinak bota zituen urbanizaezintzat jotako lursail batzuetan.
Zabortegirako 137.259 metro koadroko eremu bat erabil zezakeen Verterrek: 6. poligonoko 62, 64, 65 eta 155 lursailak. Nolanahi ere, onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek bazuten horren berri: 2019ko ekainean eta uztailean ikuskatzeak egin zituzten —mendi hegalaren zati bat amildu baino sei hilabete lehenago—, eta 23 arau hauste larri identifikatu. Hala adierazi zuten bisitei buruzko aktan: «Aldaketa ez-funtsezko bat egin dute, eta ez diote jakinarazi ingurumen organoari; basoaren eskuineko hegalean betelana egin dute, 50.000 tona ingurukoa».
Horren berri eman zion Jaurlaritzak enpresari, eta hark 2019ko urrian erantzun zuen, esanez Jaurlaritzak onetsitako ingurumen baimen bateratua bete zutela. Zabortegia amildu eta gero, ordea, Iñaki Arriola Jaurlaritzako orduko Ingurumen sailburuak zigor espedientea ireki zion Verterri, «IBBaren oinarriak ez betetzeagatik».