Duela bi urte baino gehiago abiatu zuen Durangoko Epaitegiak Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) luiziari buruzko beste kausa bat, lurralde antolaketaren kontrako ustezko delituengatik, eta 2026 hasieran jakinarazi zuten Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (EH Bildu) eta udaleko beste hiru langile inputatu zituztela. Horiekin batera beste bost pertsona ikertzeko eskatu zuen epaitegiak; bada, gaur Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bederatzi horietatik lau ikertzea berretsi du, denek helegitea jarri ondoren.
Lau horietako bat Baigorri da, 2011tik 2018ra Zaldibarko alkatea izandakoa. Azkenean ikertu gisa deklaratu beharko ez duten bost pertsonen kasuan, auzitegiak azaldu du haien defentsa eskubidea urratua izan zela, behin instrukzio fasea amaituta zegoela onartu baitzen horiek ikertu gisa deklaratzea, defentsa estrategia prestatzeko tarterik gabe geratuz.
Azkenean ikertu gisa deklaratu beharko duten lauen kasuan, berriz, auzitegiak azaldu du horiek delituetan izan zuten ustezko parte hartzea jakin zela Ertzaintzak 2025eko ekainaren 16an bidali zuen atestatuaren ostean. «Epaitegiak deklaratzera deitu zituenean instrukzio aldia oraindik ez zen amaitu».
Lurralde antolaketaren afera
Auzitegiak azaldu duen moduan, lurralde antolaketaren kontrako ustezko delituen kausa Zaldibarko luiziaren aferari buruzko hirugarren epaiketa da, nahiz eta azken hori sortu zen kausa nagusitik, ingurumenaren kontrako ustezko delitutik alegia. Bada, jakin zenean alkate ohia, idazkari bat eta udaleko bi arkitekto ikertu behar zituztela, zalaparta sortu zen.
EH Bilduk bere burua defendatu zuen orduan, azalduz udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera garatu zela udalaren jarduna. Are, udal arkitektoak eta kontratatutako aholkularitza teknikoa ere irizpide horien arabera ibili zirela esplikatu zuten, eta nabarmendu HAPOren aldaketa Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu zuela, «inolako ñabardurarik gabe». Horrez gain, koalizioak gogorarazi zuen hasieratik eman ziola Ertzaintzari eta justiziari eskatutako informazio guztia.
Zaldibar Argitu plataformak, bere aldetik, Baigorriren inputazioa filtratu zenean eskatu zuen «arreta ez desbideratzeko», iritzi baitzion une hartan funtsezkoena zela argitzea zer zegoen luiziaren atzean.
Baina zertan datza lurralde antolaketaren afera? Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta, beraz, lurralde antolaketari buruzko arauak urratu. Zehazki, enpresak eraikuntzak egin eta hondakinak bota zituen ez-urbanizagarri gisa izendatutako lursailetan.
Zabortegirako 137.259 metro koadroko eremu bat erabil zezakeen Verterrek: 6. poligonoko 62, 64, 65 eta 155 lursailak. Nolanahi ere, onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek bazuten horren berri: 2019ko ekainean eta uztailean ikuskatzeak egin zituzten —amildu baino sei hilabete lehenago—, eta 23 arau hauste larri identifikatu. Hala adierazi zuten bisitei buruzko aktan: «Ingurumen organoari jakinarazi gabeko aldaketa ez-funtsezko bat egin dute, basoaren eskuineko hegalean lur betelan bat eginez, 50.000 tona ingurukoa».
Horren berri eman zion Jaurlaritzak enpresari, eta hark 2019ko urrian erantzun zuen, esanez Jaurlaritzak onetsitako ingurumen baimen bateratua errespetatuz egin zutela guztia. Zabortegia amildu eta gero, ordea, Iñaki Arriola Jaurlaritzako orduko Ingurumen sailburuak, zigor espedientea ireki zion Verterri, «IBBaren oinarriak ez betetzeagatik».