«Arreta ez desbideratzeko» eskatu du Zaldibar Argitu plataformak

Plataformaren ustez, funtsezkoa da luizia eragin zuten faktoreak ikertu eta erantzukizunak zehaztea: «Oraingo filtrazioa ez doa norabide horretan»

Zaldibar Argitu plataformaren elkarretaratze bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zaldibar Argitu plataformaren elkarretaratze bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 30a
21:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste honetan jakinarazi dute Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (EH Bildu) eta udaleko hiru teknikari inputatu dituztela Zaldibarko zabortegiaren auzian, lurralde antolaketaren kontrako delituak egitea egotzita, enpresa zabortegian egiten ari zen jardueren berri ez emateagatik. Orain, Zaldibar Argitu plataformak iritzia plazaratu du: esan duenez, Baigorriri egozten diotena «hark eta haren alderdiak» azaldu beharko dute, baina, plataformaren iritziz, benetako gakoa da «langile biren zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak ikertu eta erantzukizunak zehaztea», hots, «zabortegiaren tramitazioan izandako irregulartasunak, Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan izandako irregulartasunak, eta abar». Zaldibar Argituk dioenez, «oraingo filtrazioa ez doa norabide horretan».

Plataformak esan du ohiko bilakatu dela albiste eta filtrazioren bat egotea «hondamendiaren urteurrena hurbildu ahala». Orain, Baigorriren inputazioaren albistea izan da: «Ez dakigun norbaitek zabaldua». Horren harira, plataformak esan du «harrigarri» begitantzen zaiola Juan Maria Uriarte alkateorde izandakoa eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia (EAJ) ikertu moduan ez agertzea: «Zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal agintariren erantzukizunak ez ikertzeko asmo nabarmenegia» sumatzen du plataformak.

Berretsi egin du aferaren inguruko «guztia» argitzeko eskaera: «Gure arreta desbideratzeko ahaleginak antzuak izango dira». Dei egin dute otsailaren 8an egingo duten ekitaldira joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.