100.000 euroko isuna galdegin du fiskaltzak Lapix enpresaren kontra, garabi gidari baten heriotzaren aferan

Isunaz gain, hemezortzi eta 30 hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorrak ere eskatu dituzte obralekuaren bi arduradunen kontra. 2022ko martxoan gertatu zen lan istripua, Baionan: Mohammed Kichouchi hil zen, garabiarekin batera kabinatik erorita.

Sindikatuak Baionako auzitegi aitzinean, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Sindikatuak Baionako auzitegi aitzinean, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko ekainaren 24a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte pasatu dira lan istripuaz geroztik. Baionako San Izpiritu auzoan gertatu zen, 2022ko martxoaren 9an: Alsazia Lorrena etorbideko eraikin bat obretan zela, garabia erori zen, 80 metrotik behera, eta, harekin batera, kabinan gidari ibiltzen zen Mohammed Kichouchi ere bai, hamar metrotik behera. Inguruko biztanlerik ez zen zauritu, baina Kichouchi kolpez hil zen. Hala, hiru pertsona epaitu zituzten atzo Baionako auzitegian: 100.000 euroko isuna galdegin zuen fiskaltzak Lapix enpresaren kontra, eta, hemezortzi eta 30 hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorrak obralekuaren bi arduradunen kontra; urriaren 6an ematekoa dute deliberoa.

Ikerketa judizialak argitu duenez, garabia atxikitzen zuten lau hesoletarik bat erori bazen, instalatze prozesua arduragabekeriaz egin zelako erori ziren. Hain zuzen ere, Eñaut Aramendi LAB sindikatuko bozeramailea ardura horiez mintzatu zen atzo, auzitegi aitzinean: «Ikusten dugu pertsona batzuen ardurak daudela, eta ezin dira baztertu. Ikusten dugu egunerokotasunean: segurtasun neurriak ez dira hartuak behar bezala, askotan dirua baztertzeko, ekonomiak egiteko. Kontrolak ez dira egiten eta dena ondo doa, lan istripua izan arte. Honako honetan, garabi batetik erorita, ez dago barkatzekorik: pertsona hori hil egin zen. Prozedurak errespetatuak izan baziren, gaur egun, pertsona horrek gure ondoan eta bere familiaren ondoan izan beharko luke».

Enpresei ere mintzatu zaie. Espero du halako auzi batek enpresaburuei «ulertaraziko» diela zein diren haien ardurak, eta segurtasun neurriak ezin dituztela «baztertu». Istripuaren ondotik sortutako 22 Bergeret herritar kolektiboa ere hor zen, auzitegi aitzinean, beste sindikatuekin batera.

Hain zuzen ere, Kichouchiren heriotzaren ondotik sortutako elkartasun oldea ohi baino markatuagoa izan zen. Istripu hori erretreten erreformaren kontrako borrokaren garaian gertatu zen, eta, Aramendik kontatu izan duenez, sindikatuen arteko elkarlanaren abiapuntu izan zen. Eta, geroztik, lan istripuen kontrako protokoloa idatzi dute LABek, FSUk, Solidairesek eta eraikuntzako eta altzairugintzako CGTk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA