Bakarrizketa

Airbusek Boeingen aurretik jarraitzen du

Boeing 737 hegazkin bat. YOAN VALAT / EFE
Boeing 737 hegazkin bat. YOAN VALAT / EFE
Irune Lasa.
2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Bada lehia handi bat, norgehiagoka erraldoia, zeinaren astinaldiak industriako ia zoko guztietara iristen diren: Airbusen eta Boeingen arteko lehia.

1| Europa eta AEBak. Tira: txinatarrak oraindik horretara jarri ez direlako. 

Jarri, jarri dira txinatarrak, baina bide luzea dute oraindik. Iazko ekainean egin zuen lehen hegaldi komertziala C919 hegazkinak, Txinan ekoitzitako lehen bidaiari aireplano handiak. COMAC konpainiak egin du C919a, eta haren asmoetan dago urtean 150 hegazkin handi egitea, baina oraindik urrun du hori. Gainera, aireplanoaren osagai gehienak AEBetako eta Europako hornitzaileetatik hartzen ditu. Eta, horrez gain, hegazkinak ez du oraindik baimenik nazioarteko hegaldietarako. Alegia, txinatarrek tartea beharko dutela Airbusekin edo Boeingekin parez pare jartzeko hegazkin komertzialen merkatuan.

2| Hor dohatsu Mendebaldea, beraz. Eta dohatsuagoak europarrak?

Bai, bi handien arteko lehian Airbus doa aurretik. Aste honetan eman ditu iazko urteko emaitzak, eta inoiz baino eskari gehiago ditu: 800 hegazkinetik gorako eskaera poltsa dauka. Irabazietan, berriz, iazko urtea makalagoa joan zaio aurrekoa baino —3.780 milioi euro, %11 gutxiago—, baina kontuan izan behar da 2022an inoizko irabazirik handienak izan zituela, eta iaz espazioaren arloari 600 milioi euroko hornidura egin behar izan ziola. 

3| Eta Boeing? 

Gogoratuko zara nola Boeing 737 MAX8 ereduko bi hegazkinek istripuak izan zituzten 2018an eta 2019an. Konpainiak dirutza jarri behar izan zuen modelo horren segurtasuna hobetzeko. Baina horri buelta emana ziola pentsatzen hasi zenean, urtarrilean MAX9 batek ate bat galdu zuen hegaldi betean zela. Istripu beldurgarria eta larria izan zen, baina, zorionez, pilotuek lortu zuten lurreratzea eta ez zen inor hil, ezta larri zauritu ere. 

4| A ze sustoa!

Sekulakoa. Eta zartakoa Boeingentzat. Errua hornitzaile batena dela dio, baina zalantzak asko dira. Pentsa, AEBetako Gobernua esaten ari zaio mugatzeko 737 MAX hegazkin gehiago egiteko asmoak. 

5| Arriskuan dago Boeing? 

Zaila da esatea. AEBetako konpainiak alde du tamaina. Boeing garrantzitsua da AEBetako ekonomiarentzat. Egia da, era berean, gaur egun berak eta Airbusek soilik egiten dituztela tamaina horretako hegazkin komertzialak. 

6| Airbusentzat mesede ederra. 

Neurri bateraino, Europako konpainia urtean hegazkin kopuru jakin bat ekoiztera soilik iristen da, eta iaz, hornikuntza kateak gorabehera, produkzio helburuak betetzeko zailtasunak izan zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.