«Arduragabekeriarik handienarekin» erantzun dio patronalak, sindikatuen arabera, Arabako ardogintzaren sektoreko lan-hitzarmen proposamen bateratuari. LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk osaturiko intersindikalak duela bost hilabete aurkeztu zien SEAri eta upategiei proposamen bateratua, baina geroztik ez dute erantzunik jaso, sindikatuek salatu dutenez. Hori dela eta, sektoreko langileei mobilizazioetarako deia egiteko hautua egin dute, eta datorren azaroaren 5etik aurrera hainbat protesta ekintza antolatuko dituzte.
«Sektorea uda aurretik hasi zen mobilizatzen, elkarretaratzeak egiten eta eskualde osoan pankartak jartzen», oroitu dute sindikatuek. Eta udako lehorteak areago jarri du agerian zein egoera kaskarrean dagoen sektorea: muturreko beroa dela eta, mahatsa inoiz baino goizago heldu da, eta langileek «sakrifizio handiak» egin behar izan dituzte uzta aurrera ateratzeko. «Oporrak bertan behera uztea, jardunaldi amaigabeak egin beharra... Langileek beren esku zen guztia egin dute aurtengo bilketa zaila amaitzeko», azaldu dute sindikatuek.
Ikusi gehiago
Lan baldintza gogor horiek ez dute, ordea, saririk, sektoreko baldintzak «izoztuta» baitaude, sindikatuen arabera. «Upategiek dirutza irabazten dute. Ezin da onartu aberastasunaren banaketa hain desorekatua betikotzea», salatu dute. Gainera, intersindikalak ohartarazi du baldintzak hobetu eta lan hitzarmen bat lortu ezean langileek «beste sektore batzuetara alde egitea» izango dutela irtenbide bakar. Horrek sektoreko krisialdia areagotuko luke, gaur egun zailtasun handiak baitaude belaunaldi aldaketari erantzungo dioten langileak topatzeko.
Mobilizazio egutegia
Arrazoi horiek direla medio, sindikatuek mobilizazioei ekitea adostu dute, patronalari presio egiteko. Arabako Batzar Nagusietan hasiko dute egitaraua, sektoreko ordezkaritza batek bertan ordezkaturiko indar politikoei azalduko baitizkie negoziazioaren eta sektorearen egoeraren nondik norakoak. Sindikatuek nabarmendu dute upategiek «milioika euro publiko» jasotzen dituztela diru laguntzetan, eta, hortaz, Arabako erakundeek ezin diotela sektorearen egoerari bizkarra eman.
Bilera horien ondoren, Arabako Errioxan zehar «auto karabanak» antolatuko dituzte, beren aldarrikapenak ikusarazteko. Abenduaren 5ean, berriz, Gasteizen antolatzen den Ardoaraba jaialdira ere joango direla iragarri dute, «guztiei gogorarazteko zer-nolako lana dagoen kopa bete ardo bakoitzaren atzean». «Upategiak eta SEA ez badira itzultzen uztailean utzi zuten negoziazio mahaira, prest gaude mobilizazioak handitzeko, baita lanuzteak eta grebak antolatzeko ere».
Horretaz gain, sindikatuek azaroaren 11n egingo den greba orokorrera batzeko deia egin diete sektoreko langileei.