EAEko sare elektrikoaren potentzia 6.000 megawatt handitzea urrats bat gertuago dago. Izan ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Sara Aagesenek gaur aurkeztu du proposamen hori Kongresuko Diputazio Iraunkorrean, 2030 Horizonteko Garraio Sarearen Plangintzaren barruan. Hala, Ministroen Kontseiluaren onespena baino ez da falta hori baieztatzeko, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elektrizitate sarea %50 handitu ahal izateko.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du «albiste oso ona» dela. Haren esanetan, hiru lurraldeetako argindar potentzia handitzea «euskal industriak eta, batez ere, enpresa txiki eta ertainek eskatzen zutenari» erantzutea da: «Potentzia handiagoa, entxufe gehiago». Eta adierazi du espero duela neurriaren behin betiko onespena «berehalakoa» izango dela.
Ubarretxenak, gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela «Euskadiren interesak defendatzen», hauteskunde giroa gorabehera; eta «lasaitasun eta seriotasun mezua» helarazi nahi izan du, azaroaren 30etik aurrera ere «Euskadik martxan» jarraituko duela adieraziz.
Sare elektrikoaren potentzia handitzea aspaldiko eskaera da Jaurlaritzarentzat eta euskal industriarentzat. Iaz, Espainiako Gobernuarekin egindako lehen akordioak %40 handitzea jaso zuen, hau da, 4.800 megawatteko potentzia gehitzea. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak «urrats garrantzitsutzat» jo zuen, baina nahikoa ez zela ohartarazi zuen, eta sarea gehiago handitzeko negoziatzen jarraituko zutela iragarri. Nafarroako Gobernuak ere eskatu du potentzia handitzea.
Potentziaren banaketa
Ahalmen elektriko berriaren banaketari dagokionez, 2.300 megawatt garraio sareari gehituko zaizkio, goi tentsioko sareari, industria kontsumitzaile handiei eta banaketa sareari laguntzeko. Beste 750 megawatt energia berriztagarri propioarentzat erabiliko dira, eta 3.000 megawatt, berriz, banaketa sarerako bideratuko dituzte, enpresei eta etxeei energia ematen dien sarerako, hain zuzen.Â
Handitze hori gauzatzeko, lehendik dauden azpiestazio gehienetan esku hartuko dute: hogei jarduera baino gehiago aurreikusi dituzte, eta beste hamar azpiestazio eraikiko dituzte.
ABantoko azpiestazioan amaitu dituzte handitze lanak
Abantoko (Bizkaia) azpiestazio elektrikoa handitzeko lanak amaitu dituzte. Red Electrica sare elektrikoaren kudeatzaileak jakinarazi duenez, bi posizio berri jarri dituzte bertan; bat Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoko enpresak hornitzeko, eta bestea «kontsumitzaile industrial handi baten eskaerari erantzuteko». Hiru
 milioi euroko inbertsioa egin dute azpiestazioan, jarduera ekonomiko handiko eremua izanda, elektrizitate hornidura indartzeko.