Argindar kontsumoa %0,7 handitu zen iaz Hego Euskal Herrian

Ekoitzitakoa baino 5.000 gigawatt-ordu gehiago kontsumitu zituen. Iturri berriztagarrietatik eskuratu zuen argindarraren %45,4.

Red Electrica Españolak Oiartzungo Arkalen duen azpiestazioa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Red Electrica Españolak Oiartzungo Arkalen duen azpiestazioa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 20a
15:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxika bada ere, behera egiten ari da erregaien eta gasaren kontsumoa, baina ez, ordea, argindarrarena. Iaz 19.917 gigawatt-ordu (GWh) kontsumitu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %0,7 gehiago. Hori bai, kontsumoa oraindik ez da heldu 2010eko hamarkadaren mailara; 2015ean jo zuen goia, 20.914 gigawatt-ordurekin, eta horren ia %5 azpitik dago oraindik.

Duela egun gutxi eguneratu zituen datuak Red Electricak, eta, horietan, haren menpeko sarean Hego Euskal Herriari dagozkion datu orokorrak ageri dira. Horien artean dago Hego Euskal Herriak argindar gehiago kontsumitzen duela ekoizten duena baino. Zehazki, kontsumitutakoa baino 5.000 GWh gutxiago ekoitzi zituen (12.897 GWh).

Baina datu horietan merezi du lurraldeen arteko ñabardura bat egitea. Red Electricak erkidegoen araberako datuak ematen ditu, eta hor alde nabarmena dute Nafarroak eta EAEk. Azken horrek ekoizten duena ia halako hiru kontsumitzen du; besteak beste, argindar asko erabiltzen duten enpresa handi ugari dituelako —altzairutegiak eta porlan fabrikak, esaterako—.

Nafarroan, berriz, kontrakoa gertatzen da: 4.874 GWh kontsumitu zituen, baina 7.327 GWh ekoitzi zituen. Lurralde industriala da Nafarroa ere —industria da beti argindar kontsumitzailerik handiena—, baina hedaduraz beste hirurak baino handiagoa da, eta azken hamarkadetan parke eoliko eta fotovoltaiko asko jarri ditu, batez ere Erriberan eta erdialdean. Gaur egun argindarra esportatzen du, baita beste euskal lurraldeetara ere.

Gasa da erabiliena

Argindarraren ekoizpenaren motan ere bada aldea bi erkidegoen artean: berriztagarri gehiago Nafarroan (%65,1) eta gutxiago EAEn (%19,6). Biak batuz gero, iaz Hegoaldean ekoitzitako argindarraren %45,4k izan zuen iturri berriztagarri bat —%44,6, 2024an—.

Oro har hartuta, ziklo konbinatuko zentralek —hiru daude Nafarroan eta bi Bizkaian— sortu zuten elektrizitate gehien, guztizkoaren %36,4.

Haren atzetik kokatu zen energia eolikoa (%27,4), baina kontuan hartu behar da hamarretik bederatzi baino gehiago Nafarroan izan zela —lurralde hartan, iturri nagusia da—. 

Argindarraren hirugarren iturri garrantzitsuena kogenerazioa izan zen (%15,3), eta haren atzetik geratu ziren fotovoltaikoa (%8,2) eta hidraulikoa (%5,8).

Baina, aldi berean, fotovoltaikoa izan zen iaz bere potentzia gehien handitu zuen argindar mota (262 MW). 

609

Autokontsumoak zenbat GWh ekoitzi dituen. Lehen aldiz, Red Electricak zehaztu ahal izan du autokontsumoak zer-nolako ekarpena egin dion argindarrari. Guztira, 609 gigawatt-ordu kontsumitu ziren barne sareetan, kontsumo osoaren %4,7.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!