Gas kontsumoa %27 gutxitu da azken hiru urteetan Hego Euskal Herrian

AEBetatik eta Errusiatik itsasontziz dator Hego Euskal Herrian kontsumitzen den gas gehiena. Gasolioaren kontsumoak 2019an jo zuen goia, eta, orduz gero, poliki ari da gutxitzen.

Gasontzi bat Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. IREKIA
Gasontzi bat Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. IREKIA
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 4a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia kontuetan Euskal Herria oso menpekoa da, azken urteetan Nafarroan bereziki jarritako parke eolikoek eta fotovoltaikoek menpekotasuna zerbait arindu duten arren. Horrekin batera, eta poliki bada ere, hidrokarburo nagusien kontsumoa behera egiten ari da. 

Jaitsiera nagusia gas kontsumoan gertatu da. Cores Espainiako Petrolio Produktuen Erreserba Estrategikoen Korporazioak duela aste gutxi eguneratu zituen 2025eko datuak, eta, horietan ikusten denez, gasaren kontsumoa %1,6 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian. Guztira 34.851 gigawatt-ordu (GWh) kontsumitu ziren, kopururik txikiena 2014az geroztik.

Gasaren kontsumoak 2022an jo zuen goia, 47.781 gigawatt-orduekin, baina, orduz gero, %27 murriztu da. Ukrainako gerrak gasaren prezioa igo izanak erregai hori aurrezteko neurriak hartzera eraman zituen familiak, erakundeak eta enpresak, eta negu epelek ere lagundu egin dute.

Gainera, kontuan hartu behar da energia berriztagarriak urtetik urtera hedatzen ari direla, eta horrek ekarri duela gas gutxiago erre behar izatea ziklo konbinatuko zentraletan. Jaitsiera are handiagoa izango zatekeen baldin eta, apirileko itzalaldiaren ondotik, Red Electricak erabaki izan ez balu argindar sistemaren egonkortasuna bermatzeko ziklo konbinatuko zentralak denbora luzeagoan piztuta izatea.

Coresek ez du azaltzen nongoa den Hego Euskal Herrian kontsumitzen den gasa, baina pentsatzekoa da gehientsuena AEBetatik eta Errusiatik datorrela. Izan ere, bi herrialde horietako GNL gas natural likidotua garraiatzen duten itsasontziak iristen dira nagusiki Bilboko portura, han Bahia de Bizkaia plantan trata dezaten, eta handik banatu dezaten. Hortaz, pentsatzekoa da gas hori dela Euskal Herrian nagusiki baliatzen dena. 

Zehazki, iaz 54.888 gigawatt-orduko gasa iritsi zen Bilboko portura, aurreko urtean baino %4,9 gehiago. Horietatik, %49 AEBetatik iritsi zen eta beste %48 Errusiatik, joan den astean Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazi zuenez.

Horri batu behar zaio Euskadour eta Larraineko gasbideetatik iritsitakoa, beste 10.061 GWh. Baina sartzen den moduan irten ere egiten da gasa: gasbideetatik 4.725 GWh egin zuten iparralderako bidea.

Ekialde Hurbiletik, gutxi

Bilboko portua eta bi gasbideak Espainiaren sistemaren barruan daude. Sistema horren hornitzaile nagusia Aljeria izan zen iaz, 128.502 GWh gas iritsi baitziren handik: bi heren itsasontziz, eta beste bat Mediterraneo itsasoaren azpitik doan Medgaz gasbidetik. Aljeriatik Marokora doana eta Gibraltarko itsasartea zeharkatzen duen Magreb-Europa itxita dago 2021etik, Aljerren eta Rabaten arteko harreman txarren ondorioz.

AEBak dira Espainiako sistemaren beste hornitzaile nagusia (111.696 GWh edo %30), eta hari esker lortu dute Errusiari gas gutxiago erostea. Edonola ere, Errusiak hornitu zuen iaz gasaren %11,5.

Nigeria (%7,4) eta Angola (%5,6) datoz ondoren, eta hornitzaileen seigarren postura egin behar da atzera Ekialde Hurbileko lehenengoa aurkitzeko, Qatar (%1,7).

gasolindegia
Gasolindegi bat, Altsasun. AITOR KARASATORRE / FOKU

Erregaiak, %1,4 gutxiago

Gasaren kontsumoa ez ezik, petroliotik eratorritako erregaiena ere apaldu egin da azken urteetan. Kontsumo horrek 2018an jo zuen goia, 3,11 milioi tonarekin, eta, orduz gero, joera beheranzkoa du. 2025ean, guztira, Hego Euskal Herriko gasolindegiek 2,97 milioi tona erregai saldu zituztela dio Coresek, hau da, 2024an baino %1,4 gutxiago.

Jaitsiera hori osorik dagokio gasolioari (-%1,6), eta hura da kontsumitzen den hamar litrotik ia bederatzi. Gasolinaren kontsumoa, berriz, handitzen ari da, erregai hori eta ez gasolioa erabiltzen dutelako gaur egun gehien saltzen diren autoek, hibridoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.