IEA Nazioarteko Energia Agentziak hainbat aholku eman dizkie gobernuei, enpresei eta familiei, Irango gerraren eragin ekonomikoak apaltzeko. Hamar neurri jasotzen ditu txostenak, kontsumitzaileei begirakoak; besteak beste, ahal den heinean etxetik lan egitea, errepidean mantsoago joatea, garraio publikoa erabiltzea, ibilgailua partekatzea, hegazkinez gutxiago bidaiatzea, eta, oro har, gas gutxiago erabiltzea.
Neurri horien gainetik, baina, Fatih Birol IEAko zuzendariak adierazi du gatazka amaitzea dela benetako konponbidea: «Energia krisi larria ari da sortzen Ekialde Hurbileko gerra. Petrolioaren merkatuan inoiz izan den hornikuntza etenaldirik handiena da. Berehalako konponbide bat lortu ezean, ondorio are larriagoak izango ditugu».
Birolek gaineratu du IEA «ahal duen guztia» ari dela egiten merkatu energetikoen egonkortasuna bermatzeko. Horren adibide jarri du IEAko herrialdeek laurehun milioi petrolio upel atera izana beren petrolio erreserba estrategikoetatik. Orain arte larrialdietan ateratako kantitate handiena da hori. «Harreman estua dugu munduan energia gehien ekoizten duten eta gehien kontsumitzen duten herrialdeekin», erantsi du.
Agentziak gaur kaleratu duen txostenean argudiatu du eskaintzaren aldean hartu diren neurriak ez direla nahikoak krisiaren eraginak konpentsatzeko. Eta aholkuak eman dizkie kontsumitzaileei: «Eskariari erreparatzea ere behar-beharrezkoa da».
Herritarrei ez ezik, enpresei ere eskatu die petrolio gas likidotuaren (PGL) erabilera gutxitzeko eta produktu hori beste lehengaiekin ordezkatzeko. Eta, bereziki, gobernuei eskatu die eredu izan daitezela, eta neurriak hartzeko eta zenbait pizgarri ezartzeko gomendioa egin die. Taula bat ere argitaratu dute, non ikusgai dauden gobernu bakoitzak hartu dituen neurriak.