Finantzak

Azpiazuk berriz eskatu die bankuei interes tasen igoera aurrezkien interesetan ere aplikatzeko

Bankuetako ordezkariekin bilera egin dute Pedro Azpiazu eta Javier Hurtado Jaurlaritzako sailburuek. Gogoratu diete euskal bankuek urtebete daramatela atzeratuta gordailuen ordainsariaren aferan.

Pedro Azpiazu eta Javier Hurtado, bankuetako ordezkariekin. EUSKO JAURLARITZA
Irune Lasa.
2023ko urriaren 9a
11:56
Entzun

Gordailuen ordainsaria izan da lehen puntua gaur Eusko Jaurlaritzako bi sailburuk bederatzi bankutako ordezkariekin egindako bileran. Izan ere, interes tasen igoera ederki igartzen ari da hipoteketan eta beste maileguetan, baina aurrezkiaren ordainsarietara, berriz, ez da iritsi oraindik. Hori esan die Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Kutxabank, Laboral Kutxa, Santander, BBVA, Caixabank, Sabadell, Abanca Bankoa, Nafarroako Rural Kutxa eta Bankinter entitateetako ordezkariei.

Azpiazuk uste du tasen igoera islatuko dela azkenean, «baina uste dugu finantza erakundeek orain egin behar dutela hori». Banku batzuek irailean iragarri dute hasiko direla gordailuak ordaintzen, eta, Ekonomia sailburuaren arabera, egia da bankuek eskaintzen dituztela aurrezteko beste aukerabatzuk familientzat eta partikularrentzat, «baina pasiboak ordaindu egin behar dira, gaur egungo interes tasa altuekin bat etorriko diren tasetan».

Europan hori jada gertatu dela adierazi die Azpiazuk bankuei. «Europan, gordailuen ordainsaria goraka ari da; halaxe egin dute nazioarteko filialak dituzten banku nazionalek ere, eta aldaketa hori Euskadira ere eramatea espero dugu orain». Sailburuak azaldu nola Europako beste herrialde batzuetan «ordainsari zabala» ematen den, «%3an». Gordailuen ordainsarietan, «EBZren arabera, Espainiak eta Euskadik urtebeteko atzerapena daramate».

Javier Hurtadok, berriz, Kontsumobide kezkatzen duten gaiez hitz egin die bankuen ordezkariei, hala nola lehiatiletan aritzeko trabei buruz, gehiegizko komisioez, kobrantza bidegabeez, kontuak ixteko eragozpenez, eskudirua ateratzeko zailtasunez eta oinarrizko ordainketa kontuak eskaintzeko errezeloez. Gai horiez, Kontsumo sailak 2024rako ikuskapen kanpaina egingo duela iragarri die Hurtadok bankuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.