Baliteke UGTren baiezkoak bakea eramatea Bilboko portuko zamaketara

Langile batzordearen gehiengoak Bilboestibaren eskaintza onartu du, eta lan itun berria gertu dago

Imanol Magro Eizmendi.
<i>Bilbo</i>
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bakea Bilboko portutik gertuago dago, eta, ondo bidean, normaltasunak aurki itzuli beharko luke zamaketarien jardunera. UGTk babestu egin du Coordinadora zamaketarien sindikatuak Bilboestiba zamaketa enpresarekin lorturiko akordioa, eta hiru urterako lan itun berria sinatuko dute. Horiek hala, langile batzordeko hamabi ordezkarietatik bederatzik onartu dute enpresen eskaintza, eta, ondorioz, babes zabala ziurtatua du. Baldintzen artean, besteak beste, soldata jaitsiera handia ageri da, 300 zamaketari finkoen artean 850.000 euroko zuloa estali beharko baitute.

Hamabost hilabete pasatu dira 2020ko udazkenean Bilboko portuko zamaketariek 57 eguneko greba egin eta lan hitzarmenaren negoziazio prozesu berri bat hasi zenetik. Lehen pausoak Espainiako Lan Ministerioaren babesean eman zituzten, eta negoziazioak Bilboko portuan jarraitu du, portuko agintaritzaren artekaritzarekin. Azken asteetan, baina, soka are gehiago tenkatu da, Bilboestiba, zamaketariak kontratatzen dituen enpresa, zordunen zerrendan sartu baita. Portuko lau zamaketa enpresek —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Txinako Cosco— kudeatzen duten kontratazio zerbitzu bat da Bilboestiba, eta porrot eginda dago.

Bilboestibak argi gorria piztu zuen, eta bideragarritasun plan bat aurkeztu zien zamaketariei. Hura salbatzeko, hiru urterako lan hitzarmen berri bat onartu behar zuten —2024ra arte—, baldintza kaskarragoekin. Besteak beste, 315 zamaketari finkoen artean enpresak duen zorraren zati bat estali behar dute: 850.000 euro. Horrek 300 euro inguruko soldata galera eragingo lieke hilabeteko. Horrez gain, soldata beste hiru urtez izoztuta mantentzea onartu behar zuten. Urteak dira ez dietela eguneratzen.

Baldintza horiek onartzea ez zen samurra, zamaketariek enpresen kudeaketa txarrari egozten baitiote Bilboestibaren egoera larria. Hala ere, lehenbizi Coordinadorak eta gero UGTk, onartu egin dute, eta haien baietzarekin akordioak babes zabala du. Batzordean ordezkaritza duten beste sindikatuek ez dute onartu, oraingoz behintzat: ELAk, LABek, eta Kaiak.

UGTko afiliatuek asteazken iluntzean eginiko bileran berretsi zuten babesa. Zabaldu denez, behin-behinean dauden zamaketarien egoera ere jarri du mahai gainean UGTk. Coordinadoraren hasierako akordioan ez ziren ageri, baina ez dirudi oztopo larria izango denik. LABek ere behin-behinekoak kontuan har zitezela eskatu zuen azken bileretan. 100 inguru dira, eta haiek lantalde finkoan apurka nola sartu aztertzen aritu dira sindikatuak.

Behin-behineko zamaketari gehienek elkarte bat osatua dute, eta han oraindik ez dute xehetasun handirik jaso. Erretiratzen diren finkoak ordezkatzeko aukera aipatu diete, baina ez 2024. urteko amaiera baino lehen. Egun kexu dira aurten ia ez dituztelako deitu lanera. Hilabetean bospasei egunez baino ez dute lan egiten, eta erritmo horretan ezinezkoa da beste bi urtez irautea. Besteak beste, hainbat zamaketari finkok txanda bikoitzak egiten dituztelako dute lan gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.