Hithium Txinako energia konpainiak beste urrats bat egin du. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Mikel Irujo Industria kontseilariak Txinara egindako bidaia ofizialean, Hithiumeko agintariekin bildu dira, eta Nafarroan energia biltegiratzeko gigafaktoria bat eraikitzeko konpromisoa hitzartu dute bi aldeek. Duela hilabete iragarri bezala, 405 milioi euro inbertituko dira, hasieran 700 enplegu zuzen sortuko dira, eta lantokia datorren urtean abian jartzea espero da.Â
Ikusi gehiago
Konpromisoa hitzartua dute, baina xehetasun ugari falta dira. Joint venture lankidetza akordio baten bidez gauzatu nahi dute proiektua, baina ez dute zehaztu nola banatuko den finantzaketa, zer laguntza jasoko dituen, nolakoa izango den gobernuaren partaidetza, non ezarriko den lantokia eta zer industria bazkidek parte hartuko duten bertan. Txibitek aitortu duenez, «oraindik ere zehazteke daude urrats eta detaile ugari», baina inbertitzeko konpromisoa «albiste ona» dela azpimarratu du.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ere han izan da akordioa sinatzeko garaian, eta babes politikoa eman nahi izan dio akordioari. Hithium 2019an sortu zen, hazkunde azkarra izan du azken lau urteetan, eta Europan ezartzeko asmoa du. Horretarako, Nafarroa aukeratu du azkenik.
Jaurlaritzak atzera
Hego Euskal Herriko gobernuen artean lehia egon da Hithium erakartzeko orduan, eta Jaurlaritzarekin gertatutakoak agerian utzi du helmugara iritsi arte ez dagoela ezer ziurtatuta. Izan ere, maiatzean, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza akordio bat sinatu zuten ordezkari txinatarrek. Orduko hartan ere industria partaidetza baten aukeraz hitz egin zen. Gerora jakin denez, Mondragon korporazioak lankidetza horretan Hithiumekin parez pare aritzea eta inbertsioan pisu handia izatea planteatu zuen, baina Hithiumek ez zuen begi onez hartu proposamena.
Mikel Irujoren arabera, Nafarroako Gobernuak «hiru urte» egin ditu Hithiumeko ordezkariekin solasean. «Lan handia egin dugu. Ordezkari txinatarrek zazpi aldiz bisitatu dute Nafarroa, eta gobernuko ordezkariek lau aldiz bidaiatu dute Txinara». Azarotik, Txibitek eta Irujok berak egindako bidaia ofizialetik, elkarrizketek bultzada handia izan dute; abenduan, Hithiumeko ordezkariak Nafarroara etorri ziren; urtarrilean, negoziazioak areagotu ziren; eta martxoaren 10ean sinatu zuten lehen akordioa.
«Lan handia egin dugu. Ordezkari txinatarrek zazpi aldiz bisitatu dute Nafarroa, eta gobernuko ordezkariek lau aldiz bidaiatu dute Txinara»
MIKEL IRUJONafarroako Gobernuko Industria kontseilaria
Irujoren ustez, proiektua garatzeko industria ekosistema osoa eskainiko dio Nafarroak Hithiumi: «Zentro teknologikoen ingeniaritza zerbitzuak, industria zerbitzuak eta unibertsitateetako eta lanbide heziketako prestakuntza egokia». Txibitek gaineratu du atzerriko inbertsioa erakartzeko orduan esperientzia duela Nafarroak, eta erakundeen gertutasuna eta industria ekosistemaren sendotasuna abantailak direla.
Qi Tang Hithiumeko estrategia zuzendariak «mugarritzat» jo du akordioa, eta «ahal bezain azkar» abiarazteko prest daudela deritzo. «Europan ezartzeko orduan, Nafarroak eta Espainiak merkataritza giro egokia eskaintzen digute guri eta beste konpainia txinatar batzuei». Etorkizuneko lantokia «arrakastatsua» izatea espero du. Era berean, azaldu du Nafarroa hautatu dutela «hango agintariak eraginkorrak izan direlako prozesuan eta babes handia eman dutelako».Â
«Nafarroa hautatu dugu hango agintariak eraginkorrak izan direlako prozesuan eta babes handia eman dutelako»
QI TANGHithiumeko estrategia zuzendaria
Nahiz eta urratsak falta diren, xehetasun batzuk dagoeneko jakinak dira. Qi Tangek adierazi bezala, Hithiumek presa du. Baimenen tramitazioak azkartzeko eskatu die bai Espainiako eta bai Txinako gobernuei. Bestalde, Espainiako Gobernuak laguntza eskatu du energia berriztagarriei lotutako deialdian. Europako funtsen finantzaketa jaso ohi dute ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoko laguntza deialdi horrek.Â
Hithium 2019an sortu zuen Jeff Wuk, eta sei urteren buruan puntako konpainia da energia biltegiratzeko sistemetan. Gaur egun, industria, etxebizitza eta merkataritza arloko bezeroei energia biltegiratzeko sistemak eskaintzen dizkie. Txinan hiru fabrika ditu —Xiamengo egoitza nagusiaz gain, Chongqing eta Heze hirietan—, eta Amerikako Estatu Batuetan beste bat, Dallasen. Europako Batasunean irekiko duen lehen lantokia izango da Nafarroakoa.

Nafarroa, Inbertsio gehiagoren bila Txinan
Bidaia ofizialari zukua atera nahi dio Nafarroako Gobernuak, eta inbertsio gehiagoren bila dabil Txinan. CITIC inbertsio holdingarekin bildu dira Chongqing hirian. Finantzetan, eraikuntzan eta azpiegituretan, higiezin sektorean eta energian aritzen da, eta kanpoan inbertitzeko Txinako Gobernuaren plataforma moduko bat da CITIC. Maria Txibiteren arabera, «lehen mailako aliatu estrategikoa da, eta ahalmena du baliabideak bildu, eragileak koordinatu eta proiektuak bideragarri egiteko». Ez du zehaztu Hithiumen inbertsioarekin erlaziorik izan dezakeen edo beste helbururen bat ote duten. Gobernuaren oharrean nabarmendu dutenez, Nafarroa «Txina Europan sartzeko ate eta giltzarri» izan dadin dute helburu.
Â