Txinako Hithium enpresa munduko hirugarren enpresa handiena da energia berriztagarrien biltegiratze sisteman, eta orain Europan jarri nahi du lantegi bat: Nafarroa aukeratu du horretarako. Gaur goizean Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek eta Hao Wang Hithiumeko Inbertsioen zuzendariak akordio bat izenpetu dute Nafarroan bateria fabrika bat eraikitzeko. Lehen urratsa da, baina, proiektua aurrera ateratzen bada, arrakasta hutsa izango da, Txibiteren arabera. Izan ere, asmoa da 405 milioi euro inbertitzea eta zuzeneko 756 enplegu sortzea. Inbertsio hori egiten bada, Nafarroak erakarritako bigarren inbertsio handiena izango da, Volkswagenek Landabenen egin zuenaren atzetik.
Hao Wangen arabera, «ohorea» da lehen itun hori egin izana, eta espero du luzarora begirako lankidetzaren hasiera izatea. Haren esanetan, «industria tradizio handiko eskualdea da Nafarroa, energia berriztagarrien arloan puntako enpresak ditu, eta talentu handikoa da ingeniaritzan».
Albiste ona dela adierazi arren, «zuhurtzia» eskatu du Mikel Irujo Industria kontseilariak gaurko agerraldian, Nafarroako Jauregian. Izan ere, etorkizuneko proiektuaren baldintza orokorrak izenpetu dituzte Hithiumek eta Nafarroako Gobernuak, baina xehetasunak negoziatzeko dituzte oraindik. Ondo bidean, sozietate bat eratuko dute joint venture partaidetza akordio bidez.
«Industria tradizio handiko eskualdea da Nafarroa, energia berriztagarrien arloan puntako enpresak ditu, eta talentu handikoa da ingeniaritzan»
HAO WANG Hithiumeko Inbertsioen zuzendaria
Fabrika non ezarriko duten, esaterako, ez dute oraindik hitzartu. 405 milioi euroko inbertsioa nola banatuko duten eta industria bazkide gehiago sartu ahalko diren ere lotzeko dute. Hala eta guztiz ere, negoziazioa ezin da gehiegi luzatu. Hithiumek «presa» du lankidetza gauzatzeko, Irujoren esanetan, 2027rako fabrika abiarazteko asmoa baitu.
Egitasmoa gauzatzeko bidean Espainiako Gobernuaren eta Txinako Gobernuaren hainbat baimen lortu beharko ditu egitasmoak. Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Xi Jinping Txinako presidentearekin bilduko da apiril erdialdera, eta inbertsio hori izango dute hizpide. Atzo arratsean Sanchez bera Moncloan bildu zen Jeff Wu Hithiumeko kontseilari ordezkariarekin. Bertan aurreratu zuten lantegia Nafarroan ezartzeko aukera aztertzen ari zela Hithium. Bilkura horretan ere izan ziren Txibite eta Irujo.

Nafarroaren alde
Maiatzean, Hithiumek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza akordio bat sinatu zuten. Erreferentziazko industria bazkide batekin (Mondragon taldea) egitasmo bat abiarazteko borondatea adierazi zuten bi aldeek, baina gaurko agerraldiak kolokan jarri du orain apustu hori.
Lehen akordioak agerian utzi du Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua lehian aritu direla, inbertsioa nork erakarriko. Hao Wangek ez du adierazi gaurko urratsa eginda Mondragon taldearen egitasmoa bertan behera utzi ote duten, baina aldi berean azpimarratu dute asmoa dutela Europan fabrika bat ezartzeko.
Jaurlaritzak bezala, Mikel Irujok onartu du aspalditik daudela harremanetan haiekin. Zehazki, 2023an egin zuten lehen harremana Hithiumeko arduradunekin, eta urte hartako urrian Nafarroara etorri zen Jeff Wu presidentea. Hala, «hiru urteko lan mardularen emaitza» da gaurko akordioa, Irujoren arabera.
Azken hilabeteetan lan hori bizkortu egin da. Iragan uztailean, Nafarroako Gobernuko Industria arloko teknikariak Txinan izan ziren, eta bai Irujok bai Txibitek Hithiumen instalazioak ezagutu zituzten azaroan, Txinara egindako bidaia ofizial batean. Abenduan, Hithiumeko arduradunak Nafarroan izan ziren berriz ere. «Eguberrian, egoitza nagusira joatera gonbidatu gintuzten urtarrilaren 12rako. Urtarril amaieran jakinarazi ziguten merkatu azterketa zorrotz bat egin zutela, Europako hainbat herrialderen eta eskualderen bideragarritasuna ebaluatu zutela, eta asmoa dutela Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko bien arteko enpresa baten bidez.
«Bertako industria aintzatetsi behar dugu, baina ez dugu inbertsio batekin edo birekin konformatu behar. Gehiago erakarri behar ditugu. Mugarik gabe erakartzeko ahalmena dugu»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria
Eusko Jaurlaritzako iturriek albiste agentziei azaldu dietenez, baliteke Hithiumen erabakiak zerikusia izatea Europako funtsen banaketarekin. Izan ere, barne produktu gordin txikiko eta biztanle urriko eremuek %20ko finantzaketa publikoa jaso ohi dute, ohiko %15ekoaren aldean. Baliteke enpresak babes bereziko eremu horietako batean egitea fabrika. Jaurlaritzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ere badaude horrelako eremuak, baina proposatutako kokaguneek ez zituzten konbentzitu Hithiumeko arduradunak, eta Nafarroako aukera hobetsi dute, oraingoz.
Irujok diskrezioa eskatu du, baldintza orokor horiek zehaztea falta baita oraindik. Dena den, haren irudiko, akordioak bultzada emango dio Nafarroako energia berriztagarrien sektoreari, eta agerian utzi du Nafarroak «ekosistema osoa eta sendoa» duela sektorea hornitzeko. «Gure ahalmena mugagabea da; hoberenak erakartzeko gai gara. Industrian sinesteko eguna da», nabarmendu du.
Haren hitzetan, duela bost urte ikusi zuten Sodena sozietate publikoak inbertsioak erakartzeko taldea sendotu behar zuela. «Guillermo Alonso kontratatu genuen Invest in Navarra egitasmorako. Ez genekien orduan Pedro Mari Zabalza edota Jagoba Arrasate kontratatzen ari ginela». Orduan ikusi zuten Txinak «lehentasunezko bazkide» izan behar zuela, eta gaurko urratsa horren emaitza dela uste du. Dena den, ez du horrekin konformatu nahi izan. «Asko dugu jokoan. Egoera dramatikoak bizi ditugu, eta horrelako egoerak biziko ditugu ezinbestean. Bertako industria aintzatetsi behar dugu, baina ez dugu inbertsio batekin edo birekin konformatu behar. Gehiago erakarri behar ditugu. Mugarik gabe erakartzeko ahalmena dugu».
Hithium, 2019an sortua
Ez da denbora luzea igaro Hithium sortu zutenetik, baina dagoeneko puntako enpresa da energia biltegiratzeko sistemetan. 2019an sortu zuen Jeff Wuk, Xiamen hirian (Fujian, Txina). Gaur egun, industria, etxebizitza eta merkataritza arloko bezeroei energia biltegiratzeko sistemak eskaintzen dizkie. Hao Wangek agerraldian azpimarratu duenez, gaur egun zein etorkizunean «funtsezko aldagaia» izango da biltegiratzea, eta horniduraren segurtasuna hobetuko du ekonomia berdearen hedapenari begira.
Nahiz eta lehen bi urteak zailak izan, 2022tik aurrera esponentzialki handitu da, Txinaren eredu ekonomikoari jarraiki: 2022tik 2024ra bitartean negozio bolumena hirukoiztu du, eta 1.700 milioi euro (13.000 milioi yuan) fakturatzen ditu. Iaz, orotara orduko 35 gigawatt-orduko proiektuak banatu zituen. Hao Wangen arabera, mundu osoko merkatu kuotaren %13 dute dagoeneko. Gainera, Hong Kongeko burtsan akzioak saltzeko eskaintza prestatzen ari da.