Iazkoa ez da urterik errazena izan BBVAren buruzagientzat, Banco Sabadell beretzeko operazioa zapuztu baitzitzaien. Baina atsekabeak goxatzeko gauza gutxi aproposagorik diru asko irabaztea baino. Eta hori egin zuen euskal jatorriko banku horrek iaz, 10.511 milioi euroren etekinak bildu baitzituen, aurreko urtean baino %4,5 handiagoak; hots, inoizko irabazirik handienak izan zituen.
Eta, horrekin, inoizko dibidendurik handiena banatuko du bere akziodunen artean: 0,6 euro akzioko, guztira 5.200 milioi euro.
Ikusi gehiago
«Mozkin errekorra lortu dugu, eta berriro nabarmendu gara hazkundean eta errentagarritasuna konbinatzeko gaitasunean. Lan bikain horren ondorioz, balioa sortu dugu, eta, horri esker, gure akziodunei azkarrago ordaintzen diegu», esan du Carlos Torres BBVAko presidenteak.
Emaitza onak, hala ere, txikiak dira, mozkinek 2024ko ekitaldian izandako %25eko hazkunde ikusgarria aintzat hartuz gero. Eta 2025eko %4,5eko igoerak behintzat ez ditu ase merkatuak, ziurrenez analistek datu handiagoa aurreikusi zutelako; goizean, bankuaren akzioek %4ko balio galerak izan dituzte.
Emaitza uste baino kaskarrago horren oinarrian BBVAren Turkiako negozioa dago, Espainian eta Mexikon lortutako hobekuntzak zamatu baititu. Bankuak iragarri baino horniketa handiagoak egin behar izan ditu, eta kostuak ere aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira.
Mexikokoa da, oraindik ere, BBVAren merkatu nagusia, eta handik datozkio etekinen %45, eta Espainiako adarretik %36.
Bankuak 11,5 milioi bezero berri lortu zituen iaz; %66, bide digitaletatik.