Bizkaiko arte grafikoak: hamabost urte hitzarmena berritu ezinda

Akordioa oztopatzea leporatu diote sindikatuek Cebek patronalari, eta hamaikagarren greba deialdia egin dute. Cebekek, aldiz, uste du martxoaren 16an aurkeztu zuen proposamenak «hobekuntza nabarmenak» dakartzala.

Bizkaiko arte grafikoetako langileen mobilizazio bat, 2024an, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko arte grafikoetako langileen mobilizazio bat, 2024an, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 19a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko arte grafikoetako langileek 15 urte eman dituzte lan hitzarmena berriztatu gabe, eta, oraingoz, ez du ematen auzia laster batean konponduko denik. Hilaren 16an bilera egin zuten sindikatuek eta Cebek patronalak, baina bilkura akordiorik gabe amaitu zen, eta, hortaz, grebara jo dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Atzo ekin zioten lanuzteari, bihar berdin egingo dute, eta, egoera konpondu ezean, apirilaren 1era arteko lanegun guztietan greba egiteko asmoari eutsiko diote.

«Akordioa oztopatzea» leporatu diote sindikatuek patronalari: haien esanetan, martxoaren 16ko bileran patronalak «aukera ezin hobea» izan zuen greba deialdia bertan behera uztea lortzeko, baina «tematu» egin zen soldata igoerei mugak jartzen: «Sindikatuok argi dugu borroka eta grebak hasi baino ez direla egin, eta jarraituko dutela hitzarmena modu duin batean berritzeko akordioa oztopatzeari utzi arte».

Patronalak, aldiz, uste du bileran aurkeztu zuen proposamenak «hobekuntza nabarmenak» zekartzala, 2027ra arte soldatak %25 inguru handitzea eskaintzen baitzuen, eta beste zenbait abantaila egin beharreko lanordu kopuruan, errelebo kontratuen ezarpenean eta beste arlo batzuetan.

Azken proposamena

Baina Cebekentzat badaude «uko egin ezineko» zenbait puntu: adibidez, soldaten xurgapen eta konpentsazio printzipioari eustea, hau da, soldata igoerak ez metatzea eta aldez aurretik ezarritako kopuru bat ez gainditzea —azken hamabost urteetako Bizkaian pilaturiko KPIa %37,5ekoa da—. Gainera, patronalak adierazi du bileran aurkeztutakoa «azken proposamena» zela, eta indarrik gabe geldituko zela sindikatuek onartzen ez bazuten, «iraungitze data» baitzuen.

Datorren astelehenean, grebalariek elkarretaratzea egingo dute Basauriko Biolid enpresaren aurrean (Bizkaia). Guillermo Buces Cebekeko presidentea da enpresa horretako zuzendari nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!