Serveoko CCOOko ordezkaria

Jose Angel Santos Vazquez: «Bridgestoneko langileak gure lana egiten ipini dituzte, protesten eragina gutxitzeko»

Basauriko Bridgestonen ari diren hamalau langile kaleratu eta beste zortzi lekuz aldatu nahi ditu Serveo enpresak. Greba mugagabea abiatzearekin batera, auzitara jotzea aztertzen ari dira beharginak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU
MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Basauri
2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

 Basauriko (Bizkaia) Bridgestonen azpikontratatuta diharduten langileak hasiak dira nabaritzen konpainiako kaleratzeen zehar-kalteak: Serveo enpresa arduratzen da pneumatiko plantako mantentze lanez, eta horretan ari diren 39 beharginetatik 22 kaleratu edo lekuz aldatu nahi ditu zuzendaritzak. CCOOk eta ELAk, ordea, ez dute erregulazio txostena onartu. Hiru ordezkarietatik bi ditu aipatutako lehenengo sindikatuak, eta bakarra bigarrenak. Jose Angel Santos Vazquez CCOOko ordezkariak (Portugalete, Bizkaia, 1967) ohartarazi duenez, «kaleratze gutunak eman bezain laster, arazoa ahalik eta lasterren gainetik kentzen ahaleginduko dira».

Serveok hamalau langile kaleratu eta beste zortzi lekuz aldatu nahi ditu. Bridgestonen kaleratzeak —232 behargin kaleratuko dituzte— aitzakiatzat erabiltzen ari al da enpresa hura?

Argi dago hori horrela dela: Serveok 50.000 langile inguru ditu, eta inguru honetako lantoki ugaritan ari da. Beraz, Bridgestonen diharduten behargin guztiak lekuz aldatzeko aukera ere badauka, nahi izanez gero.

Zergatik jokatzen ari dira horrela?

Kaleratzeak merkatzea da Serveoren asmoa. Izan ere, enpresak daukan langile kopuruarekin alderatuta, Basaurikoa huskeria bat baino ez da: Bridgestonen 39 behargin baino ez gara, eta haietatik 22 kaleratu edo lekuz aldatu nahi dituzte. Bestalde, langileekin duintasunez jokatzea ere bazeukan: besteak beste, 60 urtetik gorako langileei ez diete aurretik erretiratzeko aukerarik ere eman.

«Bridgestonen diharduten behargin guztiak lekuz aldatzeko aukera ere badaukate, nahi izanez gero»

Bridgestoneko langileak mantentze lanak egiten jarri omen dituzte...

Legez kanpo jokatzen ari dira: gure lana egiten ipini dituzte, protesten eragina gutxitzeko. Hori dela eta, lan ikuskaritzara jo dugu. Argi eta garbi, boikot egiten ari zaizkigu.

Serveoko zuzendaritzak fede txarrez jokatu duela ere salatu duzue. Zergatik?

Negoziazioak abuztuaren 4an hastea erabaki zuen zuzendaritzak, eta Bridgestoneko langile guztiak oporretan zeuden ordurako. Aste hauetan guztietan ez da kamioi bat ere sartu lantokira. Ondorioz, egindako protestak ikusarazteko aukerarik ez dugu izan. Argi dago aldez aurretik pentsatua zutela: ez da bat-batekoa izan, maiatzetik baitakigu kaleratzeak egongo zirela.

Enpresak banan-banan negoziatuko du kaleratutako langile bakoitzarekin, ezta?

Kontsulta epea amaituta, sindikatuok —CCOOk eta ELAk— ez dugu erregulazio txostena onartu. Hala ere, kaleratutako langile bakoitzak ontzat jotzen duen ala ez kontuan hartuko du zuzendaritzak, kalte ordain bat edo beste bat emateko: erregulazio txostenarekin ados daudenek 33 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 24 hilabetez. Gainontzekoek, ordea, 29 egunekoa, hileko soldaten mugarik gabe.

«Serveorentzat txikikeriak dira guk eskatutakoak, kontuan hartzen badugu duela egun batzuk 300 milioi euro inbertitu zituela energia instalazio batean»

Zer eskatzen diozue enpresari?

Mahaiaren inguruan eseri bezain laster, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina eskatu genuen kaleratutako langileentzat, eta 55 urtetik gorakoei aurretik erretiratzeko aukera ematea ere bai. Serveorentzat txikikeriak dira guk eskatutakoak, kontuan hartzen badugu duela egun batzuk 300 milioi euro inbertitu zituela energia instalazio batean.

Kaleratzeak eragozteko aukerarik ez dago?

Zuzendaritzak aldebakarrez onartu du erregulazio txostena, eta, kaleratze gutunak eman bezain laster, arazoa ahalik eta lasterren gainetik kentzen ahaleginduko da. Bitartean, auzitara jotzea aztertzen ari gara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.