Bruselak ez du keroseno eskasiarik ikusten, eta hegazkin bidaiei eusteko eskatu du

IEAk ez bezala, Europako Batzordeak uste du hegazkinentzako erregai erreserbak nahikoak direla oraingoz. Energia krisiari aurre egiteko neurri sorta bat proposatuko du bihar Bruselak.

Hegazkinentzako erregai biltegiak, Berlingo aireportuan. FILIP SINGER / EFE
Hegazkinentzako erregai biltegiak, Berlingo aireportuan. FILIP SINGER / EFE
Iker Aranburu.
2026ko apirilaren 21a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasolindegietan baino, aireportuetan hasi da antzematen Ormuzko itsasartearen ia erabateko itxieraren eragina. Persiako golkoko herrialdeak petrolio gordina ez ezik, haren deribatuak ere esportatzen dituzte, eta horren zati esanguratsu bat —munduan kontsumitzen denaren %40— kerosenoa da, hegazkinek darabilten erregaia. Konpainia batzuek hegaldiak murriztu dituzten arren, lasai egoteko deia egin du Europako Batzordeak: oraingoz nahiko erregai dagoela ziurtatu du, eta hegazkin bidaiak alde batera ez uzteko eskatu die herritarrei. 

Bruselaren aholkuak talka egiten du Nazioarteko Energia Agentziak emandakoarekin, ahal zen neurrian hegaldiak murrizteko eskatu baitzuen hark, keroseno erreserbek sei aste soilik iraungo dutelakoan. Baina Europako Batzordeak beste kalkulu bat egin du, eta zera da: EBk milaka milioi euro galduko dituela baldin eta keroseno eskasiaren beldurraren ondorioz udan turismoa asko murrizten bada.

«Oraingoz ez dago beharrik jendeari esateko nola bizi eta bidaiatu behar duen»

APOSTOLOS TZITZIKOSTAS EBko Garraio eta Turismo komisarioa

«Oraingoz ez dago beharrik jendeari esateko nola bizi eta bidaiatu behar duen», adierazi du gaur Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioak, Bruselan. Eta turismoa ere bere arduren artean dagoenez, oso garbi utzi du zein den bere kezka: «Uda honetarako, ez dago leku ziurragorik, egonkorragorik eta politagorik Europa baino».

Apostolos Tzitzikostas
Apostolos Tzitzikostas Europako Garraio eta Turismo komisarioa. OLIVIER MATTHYS / EFE

EBko Garraio ministroekin bilera egin ondoren agertu da hedabideen aurrera Tzitzikostas, eta nabarmendu du EBk kontsumitzen duen kerosenoaren %70 bertako findegietatik ateratzen dela, eta %15 soilik iristen dela Persiar golkotik. Gauzak horrela, Bruselak uste du erreserba nahikoak egon badaudela hurrengo hilabeteetarako eta horren arabera jokatzen ari direla aire konpainiak. «Hurrengo aste eta hilabeteetarako hegaldiak ez dituzte modu masiboan bertan behera utzi. Batzuk ezeztatu egin dituzte, baina ez kerosenorik ez zegoelako, baizik eta kostu handia zutelako». AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi zutenetik, bikoiztu egin da hegazkinen erregaiaren prezioa, eta hori hegaldien prezioan ere igartzen ari da. 

Hori bai, aitortu du gerra asko luzatzen bada «hondamendia» izango dela.

Orain arte zabaldu denez, KLMk gutxienez laurogei hegaldi kendu ditu Amsterdameko Schiphol aireportuan, eta Lufthansak City Line filiala itxi du, eta haren 27 hegazkinak hangarretara eraman ditu.

Euskal Herriko aireportuetan ez da hegaldirik bertan behera geratu erregairik ez zegoelako, eta beste aireportu batzuetan baino aukera gutxiago daude. Izan ere, Petronorren Muskizko findegiak (Bizkaia) keroseno asko ekoizten du, 9,5 milioi tona iaz. Gainera, kerosenoa, gasolioa eta petrolioaren beste eratorriak egiteko behar duen petrolio gordinaren zati txiki bat besterik ez du jasotzen Persiar golkotik. Errusia zen lehen Petronorren hornitzaile nagusia, baina gaur egun Ameriketatik (AEBak, Brasil, Mexiko, Venezuela) eta Afrikatik ekartzen dute gehiena. 

JET FUEL
Hegazkin bat aireratzen, Berlingo aireportuan. FILIP SINGER / EFE

Espainiako aireportuetan ere ez da arazorik espero, Javier Gandara ALA Aire Konpainien Elkarteko presidenteak gaur jakinarazi duenez. Haren esanetan, kerosenoaren %80 eta %85 artean ekoizteko gai dira Espainiako findegiak, eta produkzioa handitzen ari dira orain.  

Baina EBko herrialde batetik bestera egoera desberdina da. Kontinente zaharrean hainbat findegi itxi dituzte azken urteetan, eta horren ondorioz herrialde batzuek kontsumitzen duten erregaiaren %90 inportatu behar dute orain. Horregatik, baliteke Europako Batzordeak herrialdeen artean erregaia partekatzeko tresna baten sorrera proposatzea energia krisiari aurre egiteko bihar aurkeztuko duen neurri sortan. Borondatezkoa izango litzateke partekatzea, baina Tzitzikostasek ohartarazi du ez dutela derrigortasuna baztertu.

Hedabide batzuek aurreratu dutenez, beste tresnetako bat izango da kerosenoaren erosketaren gaineko mugak arintzea. Gaur egun, aire konpainiak behartuta dauden beren erregaiaren %90 EBn bertan erostera, eta debekatuta daukate AEBetan erabiltzen duten erregaia (Type A) eskuratzea.

Beste neurri batzuk

Baina kerosenoari dagozkionak ez ezik, oro har energiaren kontsumoa apaltzeko eta iturri berriztagarriak bultzatzeko beste neurri batzuk proposatzekoa da bihar Europako Batzordea, hala nola garraio publikoan deskontuak handitzea, BEZ zerga apaltzea bero punpei eta eguzki panelei, eta aukera dutenek astean gutxienez egun batean etxetik lan egitea.

Energia sistema gehiago elektrifikatzeko neurriak ere proposatuko ditu Bruselak. Neurri zehatzen artean egon daiteke argindarraren gaineko BEZa beste energia iturriek ordaintzen dutenaren azpitik egotea. Energia intentsiboak diren industriei %0ko BEZ tasa ordaintzeko aukera ere mahai gainean dago.

Baina ia ziurra da Europako Batzordearen proposamenen artean ez dela egongo energia konpainiak gerrari esker pilatzen ari diren mozkin handiagoak gehiago zergapetzea. Alemaniak, Italiak, Espainiak, Portugalek eta Austriak eskatu dute EB osoan zerga berezi bat ezartzea «zerutik eroritako irabaziak» zergapetzeko eta horrekin herritarren patrikei mesede egiten dieten neurriak finantzatzeko. Halako tresna bat izan zen 2022an, Errusiak Ukraina inbaditu eta energiaren prezioak izugarri igo zirenean, baina oraingoan ez du urrats hori egin nahi. Hori bai, estatukideei gogoraraziko die haien esku dagoela halako zerga edo tasa bat ezartzea.

gas biltegiak betetzeko ordua

Udaberriko lehen beroekin itzaltzen dira hainbat berogailu, eta horrekin gas kontsumoa asko murrizten da. Hotza itzultzen denerako gas biltegiak betetzeko garaia iritsi da. Aurten, baina, bi zailtasun ditu betetzeko kanpainak: batetik, negua aurrekoak baino gogorragoa izan da, eta erreserbak %30ean zeuden apirilaren 1ean, azken urteetako mailarik eskasenean. Bestetik, gasaren prezioa garestitu egin du Irango gerrak: duela urtebete 32 euroan salerosten zen gas megawatt ordua, eta 40 euroan salerosten da orain (+%25). EBk ez du gas askorik ekartzen Ekialde Hurbiletik —Norvegia, AEBak, Errusia eta Aljeria ditu hornitzaile nagusiak—, baina Asiak beste nonbait aurkitu behar du Qatarren eta Iranen erosten zuena, eta horrek lehia areagotu du erosleen artean. Gauzak horrela, baliteke Bruselak pixka bat malguago jokatzea: biltegiak gutxienez %80 beteta egon behar dute azarorako, baina horrek prezioak handitzen dituenez, baliteke baimena ematea %75ean uzteko.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA