BSHren itxierak kaleratzeak eragin ditu ISS enpresan eta Cascanteko Mecacontrolen

ISSk hemezortzi langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du. Mecacontrolek plastiko injekzioko atala itxiko du Cascanteko fabrikan, eta 48 langile kaleratu.

ISS enpresaren egoitza aurrean elkarretaratu ziren atzo sindikatuak. UGT.
ISS enpresaren egoitza aurrean elkarretaratu ziren atzo sindikatuak. UGT.
joxerra senar
2025eko urriaren 31
11:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

BSHk abendu amaieran itxiko ditu ateak behin betiko, eta haren ondotik, bere hornitzaile ziren bi enpresak jada nabaritu dute kolpea. Zehazki, ISS garbiketa enpresak hemezortzi langile kaleratzeko asmoa du. Gainera, Mecacontrol taldeak plastiko injekzioko atala itxiko du Cascanteko lantokian (Nafarroa), eta zeregin horretan aritzen diren 48 langileak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du. 

Atzo arratsaldean, ISS enpresan ordezkaritza duten sindikatuak (CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari) elkarretaratu ziren egoitza aurrean. Langileak zuzenean kaleratu ordez, bestelako alternatiba bat eskaini dio langile batzordeak zuzendaritzari. Hain zuzen ere, zera proposatu diote enpresari: lan egindako urte bakoitzeko, 40 eguneko kalte ordaina ematea langileei, hiru urte eta erdiko gehienezko mugarekin; epe horretan, kaleratutako langileak berriz hartzeko zerrendan jar ditzatela nahi dute. Gainera, 52 urtetik gorako langileentzat babes neurriak ere eskatu dituzte. 

Sindikatuek BSHri ere helarazi zioten mezua. Alemaniako taldeak azpikontratatutako enpresa da ISS eta bertako langileek ez dituzte BSHko beharginei aplikatutako baldintza berak izango. «BSHri eskatzen diogu ez ditzala albo batera utzi langile horiek, azken hamarkadetan irabaziak izaten lagundu baitie». 

Mecacontrolen itxiera

Mecacontrol taldeak Cascanteko Plasticas Mecacontrol fabrika itxiko du eta 48 langile kaleratuko ditu. Enpresa horren arazoak ez daude soilik BSHren itxierari lotuta, baina Ezkirozko fabrika ixteak bete-betean eragin zion Erriberako lantoki horri. Plastikoaren injekzio bidezko piezak ekoizten dituzte, eta BSH zuten bezero nagusi. 

Horri loturik, egun autogintzaren sektorean diren arazoek ere eragin diote, eskari kopurua jaitsi egin baitzaio. Hala, taldeak erabaki du plastiko injekzioen atala ixtea eta Burgosko (Espainia) fabrikara eramatea; aitzitik, piezen mekanizazioan aritzen diren hamasei langileek Cascanten jarraituko dute lanean. 

Kaleratutako langile batzuei Burgosen lan egiteko aukera eskainiko die zuzendaritzak. Kalte ordainen baldintzak orain negoziatuko dituzte UGTrekin, hura baita ordezkaritza duen sindikatu bakarra —bost kide ditu—. Azaldu dutenez, laster trengintza hornitzeko produkzio atal bat abian jarriko dute Cascanten, baina ekoizpen lerro horretan ezingo dira aritu kaleratu nahi dituzten langile guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.