Enpresak

CAFek egingo du Jerusalemgo tranbia

Langile batzordeak ez egiteko eskatu zion, palestinarrei okupatutako lurraldean barrena doalako trenbidea.

Jerusalemgo tranbiaren irudia. CAF
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 8a
07:16
Entzun

CAF taldeak eta Saphir eraikuntza enpresak osatu duten TransJerusalem J-Net Ltd kontsortzioa hautatu du JTMT (Jerusalem Transportation Masterplan Team) agintaritzak Jerusalemgo tren arinaren proiektua egiteko.

Operazioaren guztizko bolumena 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da. Horietatik 500 milioi inguru dagozkio Beasaingo tren konpainiari. Zehazki, Linea Berde berrian ibiliko diren 114 Urbos tranbia hornitu beharko ditu, eta gaur egungo Linea Gorrian zerbitzuan dauden 46 unitate zaharberritu beharko ditu. Halaber, CAFen esku geratuko dira linea seinaleztatzea, energia eta komunikazio sistemez hornitzea, eta proiektua integratzea. Horri gehitu beharko zaio bi lineen operazioa eta mantentze lana erdi bana egingo duela CAFek, lan horietaz arduratuko den SPV sozietatearen %50 izango baitu. Zati horri dagokion negozio bolumena 1.000 milioi euro ingurukoa izango da.

CAFen oharrean ez da aipatzen bere langileek egindako eskaera. Urtarrilaren amaieran, jakin ondoren CAF Jerusalemgo tranbiaren kontratuan lehiatuko zela, hautagaitza kentzeko eskatu zion langile batzordeak. «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik», argudiatu zuten CAFeko langileen ordezkariek. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek dute ordezkaritza Beasaingo CAFen langile batzordean, eta guztiek diote edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharko lukeela. Halakorik ez du, noski, CAFek "Israelgo hiria" deitzen duenaren ekialdea zeharkatuko baitu tranbiak, 1967an Israelek palestinarrei kendutako lurraldean. Berez, Israelek lurralde okupatuetan jarritako koloniak elkartuko ditu proiektuak.

Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona adierazi zien langileei. "Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu", adierazi zuen Saeb Erekat PAEko idazkariak.

Tren konpainiaren erabakia gaizki hartu dute sindikatuek. LABek salatu du langileen eskaerari "entzungor" egin diola eta erabaki horrekin "nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan" parte hartuko duela CAFek. Jakinarazi duenez, datozen asteetan elkartuko da langile batzordea "erantzun bateratu bat emateko".

LABek uste du "salatzekoa" dela CAFen erabakia. "Jerusalmengo tranbia egiteko Palestinako lurrak desjabetuko dituzte, lurraldeak legez kontrako kolonietarako jarraipena izan dezan".

 

Lehiakideen ihesa

Palestinarren presioak ez dio CAFi eragin, baina bai, ordea, beste multinazional batzuei. Horrela, Veolia konpainia frantziarrak gaur egun irekita dagoen linea kudeatzeari utzi zion. Gainera, CAFen lehiakide ezagunenek —Alstom frantziarra, Siemens alemaniarra eta Bombardier kanadarra— lehiaketa utzi zuten.

Boikotaren ondorioz, azkenean bi talde soilik geratu ziren enkantean: bata, CAFena, eta bestea, enpresa hauek osatutakoa: Shikun & Binui eta Egged (Israel), CRRC (Txina), Comsa (Espainia), Efatec (Portugal) eta MPK (Polonia).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.