CAFek gaur jaso du HS2 abiadura handiko trenbiderako trenak hornitzeko gonbidapena. HS2 trenbideak Ingalaterrako hiri nagusiak elkartuko ditu. Lehen fase batean Londres eta Birmingham lotu nahi dituzte (2026rako), eta bigarren batean Birminghametik bi adar eraikiko dituzte, bata Manchesterrera eta bestea Yorkshire eskualdeko hiri nagusietara (Sheffield, Leeds, lehenengo fase batean (2026rako), eta hiri horiek eta Manchester eta York (2033rako).
HS2 Ingalaterran eta Erresuma Batu osoan eraikiko duten bigarren AHT linea da. Bestea, HS1 izenekoa, Eurostar trenak erabiltzen duena da, Londres Parisekin eta Bruselarekin lotzen dituena. HS2aren aurkako protesta mugimendu bat sortu da. Aurkakoek diote ez dela beharrezkoa, garestia dela eta hainbat kalte egingo dizkiola ingurumenari.
Trenbidea kudeatzen duen HS2 Ltd konpainiak 54 tren erosiko ditu lehen epe batean, eta horiekin batera adjudikatuko ditu tren horien mantentzea. 360 kilometro orduko abiadura hartu beharko dute.
CAFekin batera beste lau konpainia lehiatuko dira 3.100 milioi eurotik gorako kontratua lortzeko: Alstom frantziarra, Bombardier-Hitachi, Siemens alemaniarra eta Talgo espainiarra. Azken horrek lantegi bat du Erriberabeitian (Araba), bagoiak egiteko. Bombardier kanadarrak, berriz, motorrak egiten ditu Trapagaranen (Bizkaia). Bombardier kanadarrak eta Hitachi japoniarrak HS2 proiektuari begira batu izanak egin dio lekua CAFi. Alstom eta Siemens ere bat egite prozesuan daude, eta litekeena da eskaintza bakarra egitea.
CAF Oaris trenarekin hartuko du parte lehiaketan, Richard Garner CAF UK adarreko zuzendariak baieztatu duenez. "Abiadura handiko gure Oaris trenek abiadura, erosotasun eta segurtasun maila handienetan bidaia egiteko eskain daitekeen teknologia aurreratuena erabiltzen dute eta, gainera, bizi garen munduan horren beharrezkoa den konektagarritasun digitala eskaintzen dute. Abiadura handiko tren berriek bidaiariarentzako nazioarteko estandar gorenak beteko dituzte: zarata mailak gutxitzea eta ingurumeneko jasangarritasuna, esate baterako".
Bada urte batzuk Oaris modeloa prest duela CAFek, baina bakarra lortu du, 2015ean. Oslo eta bere aireportua lotzeko zortzi tren eskatu zizkion Flytoget konpainiak. Tren horiek probatzen ari dira orain, eta aurki izango dira funtzionamenduan.
Fabrika berria, Galesen
Kontratua lortuz gero, CAFek ez lituzke trenak Euskal Herrian egingo —Beasainen eta Irunen ditu lantegiak, Gipuzkoan—, Galesen baizik. Gaur egun fabrika bat eraikitzen ari da trengilea, Newport hirian. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria datorren astekoa da hara joatekoa.
Lantegia uda ondoren ireki nahi dute, eta han egingo dituzte azken urteetan CAFek Erresuma Batuan lortutako kontratu mamitsuetarako trenak: Arriva Rail North Limited konpainiarentzat 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko flotak egiteko lana; First Groupentzat 66 bidaiari kotxe eta bost kotxeko hamabi unitate fabrikatzea; Eskozia eta Londres arteko linearako 75 kotxe Caledonian Sleeper frankiziarentzat; eta CAFek ekainaren hasieran lortu zuen 70 treneko kontratua, Gales eta Ingalaterra mendebaldeko trenak kudeatzen dituen Wales and Borders frankiziarentzat.
Autobus elektrikoak ere bai
Trenen sektoretik autobus elektrikoen sektorera ere zabaldu nahian dabil Beasaingo enpresa. Alde horretatik oso urrats garrantzitsu baten berri eman zuen atzo, Poloniako Solaris enpresa erosita. Europa erdialdean eta ekialdean indar handia duen enpresa da Solaris, eta haren eta Vectia fillialaren eskutik, aurrez aurre lehiatu ahal izango du Goierriko bere bizilagunarekin, Ormaiztegiko Irizarrekin. Kooperatibak lantegi bat zabaldu berri du Adunan (Gipuzkoa), ibilgailu elektrikoak soilik egiteko, autobusak batik bat, baina baita kamioiak ere.