CAFeko langileek ordubeteko lanuztea egingo dute asteazkenean

Langileek eskatu zuten Jerusalemgo tranbia ez egiteko. Enpresa batzordeak gaitzetsi egin du zuzendaritzak eske hori aintzat hartu ez izana.

CAFeko langileak, 2023an, amiantoaren aurkako neurriak salatzeko protesta batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
CAFeko langileak, 2023an, amiantoaren aurkako neurriak salatzeko protesta batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 29a
15:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe barruan ere arazoak ditu CAFek Jerusalemgo tranbia dela eta. Langile batzordeak ordubeteko lanuztera deitu du etzi goizerako, enpresako zuzendaritzari presio egiteko proiektu hori alde batera utz dezan. Beasaingo lantegiko bulegoen aurrean biltzeko eskatu dute. 

Azken asteotan asko ozendu da Israelek okupatutako lurretan tranbia bat egiteko proiektuaren aurkako hotsa, baina CAFeko langileen ordezkariek ez dute jendaurreko adierazpenik egin hari buruz. Gaur hautsi dute isiltasuna, eta Langileok beti Palestinarekin izenburu esanguratsua jarri diote prentsara bidalitako agiriari. Haren bitartez, batzordeak gogorarazi du Jerusalemgo tranbia egitearen aurka mintzatu zirela bere garaian, baina salatu du zuzendaritzak ez ziola orduan jaramonik egin. 

Orain, Gazako genozidioa dela eta, CAFen aurkako presioa handitu egin da, eta, horri erantzunez, enpresak bere burua zuritzen duen agiri bat kaleratu zuen joan den astean. Enpresak adierazi du ez duela nazioarteko legedia hautsi militarki okupatutako lurralde batean lan bat egiteagatik, eta giza eskubideak bortxatu izana ukatu du. 

«Erantzukizuna bere gain hartu eta enpresa proiektu honetatik eta Israeldik urruntzeko formulak bilatzen saiatu beharrean, herrialde okupatzailearen tesia bere egin du [zuzendaritzak]»

CAF-EKO LANGILE BATZORDEA

Agiri hori kritikatu dute langileen ordezkariek. «Komunikazio horrekin, CAFeko zuzendaritzak aukera galdu du alde batera pauso bat emateko, 2018tik langileok behin eta berriz eskatzen dugun bezala. Erantzukizuna bere gain hartu eta enpresa proiektu honetatik eta Israeldik urruntzeko formulak bilatzen saiatu beharrean, herrialde okupatzailearen tesia bere egin du eta bere irudia zuritu nahi du, NBEren beraren argudioei aurre eginez. Patronalaren zinismoak ez du mugarik». 

Langile batzordeak oroitarazi du joan den astean Nazio Batuen Erakundeak CAF sartu zuela lurralde okupatuan jarduten duten enpresen zerrendan. Haren iritziz, horrek erakusten du Jerusalemgoa ez dela proiektu arrunt bat. «Tranbia horrek Israelen okupazioa sendotzeko balioko du, legez kanpoko koloniak lotzen dituen azpiegitura bat baita. Ez da hainbaten arteko proiektu bat gehiago [...] kolonizazio tresna bat da».

Edonola ere, langileek nabarmendu dute CAF ez dela Israelen negozioak egiten dituen euskal enpresa bakarra. «Ez da bertso solte bat, eta ez du modu bakanean jokatzen. NBEren zerrendan jasotakoek ez ezik, Euskal Herriko dozenaka enpresak ere modu normalizatuan dihardute salerosketan Israelekin, eta patronalek eta erakundeek dute horren erantzukizuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.