Berriz ere ezezkoa jaso dute ELAk eta LABek. Confebaskek uko egin dio haiekin biltzeari Lan Harremanen Kontseiluan. Ez du lanbide arteko gutxieneko soldata baterako negoziazio esparrurik zabaldu nahi, eta eskatu du sindikatuek eskaera bertan behera utz dezatela. Funtsean, patronalak gaia eztabaidatutzat ematen du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak zer esan zain dago. Sindikatuen arabera, patronalak entzungor egin die joan den astean grebara jo zuten langileei, baina baita Eusko Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari ere, batek zein besteak negoziazioak eskatu zituztelako.
Confebasken arabera, bi sindikatuek soilik eskaera bakar hori egin dute: «EAEn zerbitzuak ematen dituztenentzako gutxieneko soldata bat». Confebasken ustez, «hori ondorioztatzen da LHKn aurkeztutako agirietatik, EAEko Justizia Auzitegian aurkeztutako demandatik, epaiketan egindako adierazpenetatik, eta baita Auzitegi Gorenean aurkeztu berri den errekurtsotik ere».
Bi sindikatuek, Confebasken arabera, «ez dute soldata horri lotutako beste ezer aipatu edo nahi izan».
Horregatik, patronalaren ustez, harrigarria da ELAk eta LABek Lan Harremanen Kontseiluan biltzera deitu izana. «Aurrekoetatik soilik desberdintzen da esaten duenean gutxieneko soldataz ‘lan terminoetan’ hitz egin nahi dutela. Ez dugu inoiz zalantzarik izan horri buruz».
Argudiatze hori kontuan hartuta, Confebaskek dio gaia dagoeneko askotan eztabaidatu dela LHKn; aztertua ere izan dela EAEko Justizia Auzitegian, eta han zera ondorioztatu dela: legezko arrazoirik badagoela gai hori ez negoziatzeko. Confebasken hitzetan, «beste modu batera esanda, legez kanpokoa litzatekeela hori negoziatzea».
Gaia Auzitegi Gorenean izateak ere, patronalaren ustez, eskatzen du negoziaziorik ez izatea, are gehiago «orain arteko ebazpen judizial bakarrak negoziazio hori ezin dela egin dioenean».
«Probokazioa»
ELAk eta LABek hitz gogorrez erantzun diote EAEko patronalaren «probokazioari». Haien arabera, «Confebaskek argi erakutsi du beste behin langileak esplotatzea beste negozio eredurik ez duela ezagutzen, eta entzungor egin die Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari, haiek eskatu ondoren eragile sozialek gutxieneko soldata negoziatzeko».
Sindikatuek diote hiru aldiz saiatu direla gutxieneko soldata patronalarekin negoziatzen, eta haren ukoak eraman zituela martxoaren 17ko greba orokorra antolatzera. «Greba orokorraren ondoren, Confebaskek probokazio batekin erantzun du», dio ELAk eta LABek sinatutako agiriak.
«Confebasken ezezkoaren ondoren legezko eskumena eskatzeko garaia iritsi zaie EAJri eta PSE-EEri»
ELA eta LAB
Gogora ekarri dute grebaren aurretik Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak berak negoziatzera deitu zituztela eragile sozialak. Horregatik, haren ezezkoak «zuzenean interpelatzen ditu EAJ eta PSE-EE». Hau da, «munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege ekimenekin erantzuten dute. Confebasken ezezkoaren ondoren legezko eskumena eskatzeko garaia iritsi zaie EAJ eta PSE-EEri. Hori da, hain zuzen, milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa».
Eskumena eskatzeaz gain, «Eusko Jaurlaritzak utzi behar dio eragile sozialen arteko ekidistantzia bilatzeari eta Confebaski zuzenean aurre egin behar dio, langileen muturreko pobreziaren gainean eraiki duen XIX. mendeko bere negozio eredua bertan behera utz dezan».
EAEko patronalak ezezko erantzuna eman arren, sindikatuek esan dute ez dutela alboratuko gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria, eta mobilizazioei berriro ekingo dietela. «Gutxieneko soldataren aldarria luzaroko etorri da, eta, lortu bitartean, ekintza sindikalak ez dira geldituko».
Jaurlaritza: «Akatsa da»
Confebasken ezezkoaren inguruan, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde bigarrenak eta Ekonomia eta Lan sailburuak adierazi du «akatsa» dela. Haren irudiko, patronalak eta sindikatuek «beharrezko esfortzu guztia» egin behar dute elkarrizketarekin jarraitzeko, auzia lan arlokoa baita. «Negoziazio kolektiboko arazoak, eta horien artean daude egoera sozioekonomikoaren araberako soldatak lortzea, ez dira auzitegietara edo lege erreforma batera eraman behar, elkarrizketa sozialera baizik».
CCOOk ere salatu du Confebasken «absentismo patronala», eta sindikatuekin gutxieneko soldatari buruz hitz egiteko eskatu dio. Sindikatu horren arabera, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egiten du posible dela gutxieneko soldata bat ezartzea negoziazio kolektiboan, eta, hortaz, patronalak ez negoziatzeko «aitzakiarik gabe geratu da». Agiri baten bidez, CCOOk adierazi du patronala negoziatzera eserarazteko beste aukera batzuen bila ari dela.
CEN, asteazkenean
Joan den larunbatean, BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak esan zuen espero zuela Confebask biharko bileran agertzea. Eta Eusko Jaurlaritzari gogoeta egiteko eskatu zion patronala azaltzen ez bazen: «Ea noraino jarraitu behar den finantzatzen eta babes politikoa ematen horrelako patronal bati».
Confebaskekin ez ezik, Nafarroako CEN patronalarekin ere biltzeko eskaera egin dute ELAk eta LABek, asteazkenerako. Nafarroako enpresaburuen elkarteak oraindik ez du erantzun, baina Arroyok «jarrera aldaketa bat» ikusi du haien artean. Horrela, grebaren bezperan bilera egin zuten, Iruñean. UGTk eta CCOOk aurreratu dute ez dutela joateko asmorik. Bi sindikatuek Nafarroako Akordio Interkonfederalarekin bat egitera deitu dituzte ELA eta LAB.