Dermatosi nodularraren kontrako txertaketa hedatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Kezka agertu du, Espainian beste foku bat atzeman baitute, Euskal Herritik gertu. Gipuzkoaz gain, txertaketa eremuak Bizkaia eta Araba osorik hartzea nahi du Nekazaritza Sailak.

Behiak, Arrasateko azoka batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Behiak, Arrasateko azoka batean. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 2a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriro ere, abelgorriei eragiten dien dermatosi nodularraren kontrako txertaketa EAEko hiru herrialdeetara zabaltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Oraingoan, gutun bidez egin du eskaera Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Eta badu horretarako arrazoirik: otsailaren 27an jakinarazi dutenez, gaixotasunaren beste foku bat atzeman dute Huescan (Espainia), Euskal Herritik gertu, eta horrek «kezka sakona» eragin du, negu garaian egon arren gaixotasunak «transmisio aktiboa erakusten» baitu oraindik.

Izurria agertu zenean, Hego Euskal Herri osoa txertaketa eremutzat hartzeko eta lau herrialdeetako behi azienda guztiak txertatzeko eskatu zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, baina, uko egin zion eskaera horri, eta txertaketa eremua murriztu zuen: Gipuzkoa, Nafarroako iparraldea, eta Gipuzkoarekin muga duten Bizkaiko eta Arabako bi eremu txiki. Ipar Euskal Herrian aspalditik ari dira abelgorri guztiak txertatzen.

Orain, erabaki hori berriz aztertzeko eskatu dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok Espainiako Gobernuari. «Huescako fokuaren gertutasunak Euskadi benetako zaurgarritasun egoeran jartzen du», azaldu du Barredok. «Ezin dugu arriskua gauzatu arte itxaron; prebentzio, proportzionaltasun eta abeltzaintza sektorearen defentsa irizpideekin jardun behar dugu».

80.000 txerto dosi

Beste eskaera bat ere egin dio Nekazaritza Sailak Espainiako Gobernuari: 80.000 txerto dosi Jaurlaritzaren esku jartzeko, txertaketa kanpaina behar bezala egite aldera. Gipuzkoan, urte hasieran ekin zioten behi aziendak txertatzeari; han ere, Espainiako Nekazaritza Ministerioak eman zituen txertoak, eta Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartu ditu txertaketa prozesuari dagozkion gastuak eta ganaduak mugitzeko osasun ziurtagiriak.  

Halaber, Jaurlaritzak nahi du Espainiako Gobernuak eska diezaiola Europako Batasunari gaixotasuna berriz sailkatzeko eta abereen hilketa sanitarioari lotutako neurriak malgutzeko, txertaketa prebentiboa, mugimenduen kontrola eta biosegurtasunaren indartzea lehenetsiko dituen «ikuspegi proportzional baten alde» eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.