Dikarrek 1,5 milioi euro ordaindu ditu Ternuaren truke

Mendiko jantzietako enpresako 56 langileen kontratuak bere gain hartu ditu Arrasateko kooperatibak, baina negoziazioetan ari dira, lantaldean zenbat langile geratuko diren zehazteko.

Ternuaren jantziak, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Ternuaren jantziak, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 10a
13:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ternua Groupen konkurtsoak zulo bat utziko die enpresa haren hartzekodunei. Hamasei milioi euroren zorra ezin ordainduta jo zuen Ternuak konkurtsora, eta orain arte zabaldu diren bi operazioekin diru horren parte txiki bat berreskuratzeko moduan baizik ez dira. Borobitexek 800.000 euro ordainduko ditu Loreak Mendian-en truke, eta Dikar kooperatibak, berriz, 1,5 milioi euro Ternuaren beraren truke. 

Kopurua Donostiako Merkataritza Epaitegiak argitaratu du, Dikarren operazioari oniritzia eman diola jakinarazteko ebazpenean. Hor agertzen denez, Ternuako 56 langileen kontratuak subrogatu egingo ditu. Enpresak zehaztu duenez, horrek ez du esan nahi derrigorrez denek enpresan lanean jarraituko dutenik. «Elkarrizketak zabalik ditugu langileekin, hemendik aurrera geratuko den taldea erabakitze aldera». Hori bai, norbait kalera joango balitz edo aldez aurretik erretiroa hartuko balu, Ternuako antzinatasuna kontuan hartuko ditu kalte ordainak emateko orduan. 

Ternuak bere biltegietan dituen jantziak eta haien gaineko egile eskubideak bereganatuko ditu Dikarrek. 

Pedro Jose Malagon epaileak nabarmendu duenez, Arrasateko kooperatibaren eskaintza «komenigarria da konkurtsoaren intereserako, enpresari segida emango diolako, lanpostuei eutsiko zaielako, eta maileguei aurre egiteko likidezia berehala lortuko delako». Dikarrek mendiko materialen sektorean egindako bidea ere nabarmendu du ebazpenak. Izan ere, Mondragon taldearen produktu nagusiak ehizarako eta kiroletako eskopetak eta horri lotutako beste materialak diren arren, badu mendiko jardueretarako marka propio bat —Columbus kanpadendak, lotarako zakuak, motxilak—, eta Ternuaren jantziak bateragarritzat jo ditu negozio horrekin.

Bankuen alegazioak

Epaileak aitortu du Ternua Dikarren esku uztearen aurkako alegazio batzuk jaso zituela Ternuaren hartzekodunen aldetik. Izan ere, haien esanetan, hari mailegutako diru gehiena galdu egingo dute hala. Epaileak, ordea, atzera bota ditu lauak, eskaintza egokitzat jo duelako eta ez duelako «beste proposamen bideragarririk» ikusi. Luzarok  —Kutxabankek, Laboral Kutxak, Sabadellek (Guipuzcoano), Abanca (Bankoa), Eusko Jaurlaritzak eta haren Finkatuz funtsak elkarlanean kredituak emateko sortutako sozietatea—, Nafarroako Rural Kutxak, BBVAk eta Santanderrek plazaratu zituzten kexuak.

Loreak Mendian eta Ternua konkurtsotik atera ondoren, Arrasateko taldearen bi enpresa geratzen dira oraindik konkurtsoaren barruan: Astore eta Lorpen. Azken horrentzat irtenbide bat lantzen ari dira Ternuan zuzendaritza karguetan izandako batzuk. Nafarroako Merkataritza Erregistroan Artain 25 izeneko enpresa bat erregistratu dute, eta haren bitartez segida eman nahi diote Lorpenen Etxalarko lantegiari eta mendiko galtzerdien eta elastikoen ekoizpenari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.