Donostiako Udalak ondorioztatu du Uber eta haren moduko ibilgailu gidaridunen (IG)Â plataformek ez dutela baimenik hiri barneko zerbitzuak emateko, eta hiriarteko eremuan bakarrik jardun dezaketela.
Udalak berak egindako txosten juridiko batean oinarritu du erabakia. Hala, Uberri eskatu dio erabaki hori «zorrotz bete» dezala, eta hori egiten ez badu zigortu egingo duela ohartarazi dio. «Donostia ordena hiria da, eta legea betearazten zaie guztiei», adierazi du Jon Insausti alkateak, ohar batean.
Ikusi gehiago
Udalaren arabera, indarrean dagoen araudiak «argi eta garbi» bereizten ditu hiri garraioa eta hiriartekoa, bai eta kasu bakoitzean zer administraziok duen eskumena ere.
Azaldu duenez, IGen kasuan, Espainiako Lurreko Garraioen Antolamenduari Buruzko Legeak arautzen du nork eman ditzakeen baimenak eta zer zigor ezar ditzakeen. Udalaren arabera, «praktikan» aldundiena da eskumen hori. Hiri garraioaren arlokoa, berriz, udalena, Euskal Autonomia Erkidegoko araudiaren arabera.
Donostiaren kasuan, udalak gogoratu du Uberrek dituen IG baimenak Bizkaiko Foru Aldundiak eman dizkiola. Baina hiriko garraio eskumena udalarena denez, ondorioztatu du ibilgailu horiek ez dutela hiri zerbitzuak emateko lege estaldurarik, eta, arau hausterik izanez gero, baimena eman zuen erakundeari dagokiola horiek zehaztea —kasu honetan, Bizkaiko Aldundiari—.
Bizkaiari eskaera
Donostiako Udalak jakinarazi du Uberrek hirian funtzionatu duen lehen hilabetean udalak hainbat jarduera egin dituela araudia betetzen dela bermatzeko: besteak beste, arau hausteak identifikatu ditu, eta Bizkaiko Aldundiari eskatu dio espedienteak ireki ditzala eta ofizioz jardun dezala horiek zigortzeko.
Horrekin batera, taxiaren sektorearekin bildu dela azaldu du udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio lurralde mailako Taxiaren Batzordearen bilera bat antolatzeko, administrazioen eta sektoreko eragileen artean diagnostikoa partekatzeko eta «egoera berriaren aurrean» jarduteko irizpide komunak zehazteko.