EAEko ekonomia eurogunekoa halako bi haziko da BBVAren arabera

Barne produktu gordina aurten %1,9 igoko dela uste du bankuak; eurogunekoa, berriz, %0,7. Armagintzarekin lotutako inbertsioen hazkundea dela medio, enpresen %18,1ek onurak izango dituzte.

Sapa armagintza enpresa, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
Sapa armagintza enpresa, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko uztailaren 14a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez diote hazteari utziko, eta are gehiago haziko dira datorren urtean. Hori da, hitz bitan, BBVAk espero duena. Haren aurreikuspenak betez gero, EAEko BPG barne produktu gordina %1,9 igoko da aurten, eta %2,4 2027an. Hau da, eurogunerako espero dena —%0,7 eta %1,2— halako bi haziko da. Datuok hiru lurralde horien ekonomiak duen «sekulako sendotasunaren» erakusgarri direla iritzi diote bankuko arduradunek.

BBVA Researchek Euskal Herriaren egoera 2026an txostena plazaratu du gaur, Bilbon. Haren aurkezpenean, Rafael Domenech BBVA Researcheko analisi ekonomikorako arduradunak nabarmendu du BPGak ez ezik BPG per capita-k ere gora egingo duela. 

Sasoi on horren atzean hainbat faktore daude; enplegu tasak gora egin izana, besteak beste. Azken urtean hazi egin da lanean dauden herritarren kopurua, eta joera horrek bere horretan jarraituko duela aurreikusi du Domenechek: %1 aurten eta %2 2027an, hain zuzen. BBVAk garatutako txostenaren arabera, 2027an langabezia tasa %6,8an kokatuko da; eta 2025ean zeudenak baino 30.000 lanpostu gehiago sortuko dira.

7.000

Erregularizazioari esker zenbat afiliatu lortu diren. BBVA Researchen arabera, Espainiako Gobernuak abiatutako erregularizazioaren ondorioz Gizarte Segurantzan 7.000 afiliatu gehiago egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ekialde Hurbileko egoera gatazkatsuak munduko ekonomia ezbaian jarri du azken urtean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, «aukera» bat izan liteke. Bi arrazoi mahaigaineratu ditu bankuko analistak ideia hori babesteko. Alde batetik, estatuek armagintzan inbertsioa sustatzen ari dira, eta horrek «eragin positiboa izango du Euskal Herrian bereziki». Izan ere, hiru lurraldeetako enpresen %18,1 inbertsio hazkunde horrekin harremana duten jarduera ekonomikoak dituzte, zuzenean edo zeharka. Hori ez da soilik Ekialde Hurbileko egoeraren ondorioa; Errusiaren eta Ukrainaren arteko gudak hautsak harrotu ditu Mendebaldeko herrialdeetan, eta armagintzan gastua handitzea erabaki dute.

Bestetik, Ekialde Hurbileko egoerak eskualdeko herrialdeek zuten turismoa munduko beste txokoetara bideratzea eragin du. BBVAren ustez, litekeena da turista horietako asko eta asko hona etortzea.

Arazoak ere ekar ditzake testuinguru gatazkatsuan aritzeak; industriarako, bereziki. Baina galera horiek bestelako bideetatik «arinduko» direla azpimarratu du Domenechek. Europako Batasunak Mercosurrekin sinatutako akordioa izan daiteke aringarrietako bat; ikertutako hiru lurraldeek Hego Amerikara esportatzeko «gaitasun handia» izango dutela uste baitute.

Baikor, baina neurrian

Ekonomiaren egoera hobetze aldera hainbat faktorek aurrerapausoak eman dituztela esan arren, Domenechek baikortasun hori «neurriz» gobernatu behar dutela adierazi du. Are gehiago, neurritasun horrekin egin dute txostena: «Ekialde Hurbileko egoera gatazkatsua kontuan hartuta petrolioaren upela garesti egongo dela uste dugu, baina, azken hilabeteetako joerek erakusten digute ez duela zertan horrela izan; eta, beraz, baliteke BPGaren igoera %2,1etik gertu egotea aurten».

Izan ere, baikor izateko arrazoiak egon arren, hainbat erronka ere badaude eta horietan nagusiena etxebizitzaren krisiarena dela ondorioztatu dute BBVAko analistek. «Aurten etxebizitzaren prezioa KPIa baino %40 gehiago handitu da», azpimarratu du Domenechek. Etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun horrek euskal ekonomiarentzat «ezinbestekoak» diren beste faktore batzuetan ere eragingo du: «Immigrazioa ezinbestekoa da euskal ekonomia hazteko, eta migratzaileak bizitza hobe baten bila datoz. Ezin badute etxebizitza bat eskuratu, ez dira hona etorriko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA