Ekialdetik Mendebaldera egin dute Txinako produktuek. Edo beste modu batera esanda, AEBetara joan beharrean, Europara egin dute haietako batzuek. Hala erakusten du Eurostatek gaur kaleratutako datu batek: Europako Batasunak 360.000 milioi euroren defizit komertziala izan zuen iaz Txinarekin, inoizko handienetan bigarrena, eta aurreko urtekoa baino %15,4 handiagoa.Â
Bilakaera horren faktoreetako bat Donald Trumpen merkataritza politika erasokorra da. Duela urtebete, Askapenaren Egun ospetsuan, muga zergak ezker-eskuin iragarri zituenean, Txinak indarrez erantzun zion AEBetako lehendakariari, eta bi potentziek elkarri jarritako muga zerga handiek bien arteko merkataritza eten zuten. Ondoren, gauzak onbideratu dira Washingtonen eta Pekinen artean —su etenean dago merkataritza gerra—, baina joera bat sendotu da: Txinako produktu gutxiago erosten dituzte orain AEBetako inportatzaileek eta ekoizpen kateak Txinatik ateratzen ari dira AEBetako multinazionalak. Txinako esportatzaileek, berriz, beste merkatu errazago batzuk bilatu dituzte, eta horien artean dago Europako Batasuna, atal gehienetan merkatu irekia baita haientzat.
AEBen eta Txinaren arteko norgehiagokaren ondorioa zenbakietan ikusten da. Horrela, AEBek Txinarekin duten merkataritza defizita heren bat murriztu zen iaz, 2024ko 295.500 milioi dolarretik 2025eko 202.100 milioira. Baina horrek ez du esan nahi AEBen egiturazko merkataritza defizita desagertu egin denik, iaz zabaldu egin zelako AEBek Taiwanekin, Mexikorekin eta Vietnamekin duten defizit komertziala.

Hiru herrialde horietatik iritsitako produktu batzuk berez Txinan egindakoak direla uste da, eta trikimailuak erabili dituztela haien benetako jatorria ezkutatzeko. Gainera, The New York Times-ek aste honetan bertan kaleratu duenez, esportatzaile eta inportatzaile batzuek iruzur egin dute, eta Txinatik inportatutako produktuen balioa apalduz, muga zerga txikiagoak ordaindu dituzte. Horrela azal daiteke Txinatik AEBetara iritsitako edukiontzien barruko balioa %40 apaldu izana 2025eko urtarriletik 2026ko otsailera.
EBtik Txinara, gutxiago
Baina AEBen eta Txinaren arteko gatazkaren eragina gorabehera, nahiko argi geratu da Txinan urritzen ari dela Europako produktuak eskuratzeko interesa. Horrela, EBk 199.600 milioi euroren esportazioak egin zituen iaz Txinara, aurreko urtean baino %6,5 gutxiago. Kopururik apalena da 2019az geroztik, eta kontuan hartu behar da inflazio handiko epe batean gertatu dela; hau da, tonatan neurtuta erorikoa handia izan dela.Â
EBko herrialdeek batez ere makinak eta haien osagaiak saldu zizkieten Txinako erosleei (45.300 milioi euro), eta horren atzetik tresna elektrikoak edo haien osagaiak (29.000 milioi).
Txinatik ere tresna elektrikoak iristen dira nagusiki (164.900 milioi), baina baita makina mekanikoak ere (106.500 milioi). Makinena oso sektore garrantzitsua da Euskal Herrian, Gipuzkoan batez ere, eta azkenaldian sektore horretako ordezkariak eta Gipuzkoako Ganbera ere kezkatuta azaldu dira Txinako enpresen lehia dela eta, haien merkatu kuota jaten ari baitira.
%7,7Zer merkatu kuota du Txinak Hegoaldeko inportazioetan. Hego Euskal Herrian egonkor daude Txinaren inportazioak. 2020an, inportazio guztien %7,3 izan ziren, eta %7,7, berriz, iaz. Esportazioen artean, berriz, %1,7 baizik ez ziren izan Txinara joandakoak.
Esanguratsua da autoekin ere zer gertatzen ari den. Historikoki, EBn egindako autoen eroslea izan da Txina, eta batez ere Alemanian egindako gama handiko autoena (BMW, Audi, Mercedes, Porsche...). Baina iaz ibilgailu gehiago iritsi ziren Txinatik (29.930 milioi euro), hara joan baino (16.440 milioi).
Autogintzaren elektrifikazioa dago joera horren atzean: abiada bizian doaz Txinan, eta, arlo horretan hango markak nagusi direnez —ekoizpen kate osoa kontrolatzen dute, bateriena batez ere—, Txinako merkatua ez ezik, EBkoa ere eskuratzen ari dira: 2025ean, Txinako marken merkatu kuota bi halakotu egin zen EBn, %7raino, eta aurten %8tik gora dabiltza, BYD, MG, Leapmotor, Xpeng eta beste marka askoren eskutik.
Â