EBZk %2an utzi ditu interes tasak, eta euro indartsuaren eragina gutxietsi du

Azken urtean euroa dolarraren aldean %13,5 indartu den arren, Lagardek espero du ez diola inflazioari kalterik egingo.

Europako Banku Zentralaren egoitza, gaur. ROLAND WITTEK / EFE
Europako Banku Zentralaren egoitza, gaur. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 5a
14:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inflazioa maila egokira jaitsi da, eta euroguneko ekonomia, oso indartsu ez bada ere, egonkor dabil. Egoera horretan, espero bezala, interes tasak %2an uztea erabaki du EBZ Europako Banku Zentralak. Maila horretan daude ekainaz geroztik, eta luzaroan horrela jarraitzea espero da, betiere maila makroekonomikoan ikusten den baretasuna hautsiko duen zerbait agertzen ez bada. Zerbait hori agian euro indartsua izan daitekeela onartu du EBZk berak, baina ez dio, oraingoz, kezka berezirik eragiten. 

Giro ekonomiko barea nabarmendu du EBZk bere idatzian ere. «Nahiz eta nazioarteko giroa konplikatua den, ekonomiak erresilientzia erakutsi du. Langabezia maila apala, sektore pribatuaren balantze sendoak, defentsan eta azpiegituretan gastu publikoa gradualki handitzea, eta interes tasen azken jaitsiera hazkundea indartzen ari dira».

Aurreko agerraldietan eurogunea «egoera onean» zegoela aipatu izan du bere kabuz Christine Lagarde EBZko presidenteak, eta gaur, kazetari baten galderari erantzunez izan bada ere, ideia berari eutsi dio. «Inflazioari dagokionez, bai, egoera onean gaude» esan du. Hau da, inflazioa epe erdian %2ko mailan egotea espero duela.

Gauzak horrela, interes tasak %2an uzteko erabakia aho batez hartu dutela argitu du Lagardek, eta inork ez duela mugimendurik aipatu, ez gora ez behera. Berretsi du jasotako datuen araberako erabakiak hartuko dituela, baina analista gehienek uste dute agian urte osoan interes tasak ez direla %2tik mugituko, inflazioa ere maila horretan egongo delako.

Baina azken asteetan plan hori alda dezakeen faktore bat agertu da: euro indartsua. Donald Trump boterera itzuli zenetik, euroak %13,5 egin du gora dolarrarekiko, eta gehiago irabaz dezakeela espero da, AEBetako presidentearen politika ekonomiko ez oso fidagarriaren ondorioz.

%2,225

Euriborra. Euriborra dagoeneko hasi da kontuan hartzen euro indartsuak, ezer egitekotan, interes tasen jaitsiera bat eragin dezakeela. Urtarrilean, igotzeari utzi zion, eta otsaileko lehen egunotan ere beheranzko joerari eutsi dio, oso modu arinean den arren. %2,225ean kokatu da, iazko otsailean baino ia bi hamarren gutxiago.

Oraingoz, ez dirudi euro indartsuak hazkunde ekonomikoari kalte egin dionik: eurogunea uste baino gehiago hazi zen iaz (%1,5) eta, garrantzitsuagoa dena, langabezia inoizko maila apalenetik oso gertu dago —%6,2 abenduan—. Baina gerta liteke euro indartsuaren ondorioz inflazioa gehiago jaistea —batez ere erregaiak merkatuko lituzke, dolarretan ordaintzen baitira—, eta, joera hori sendotzen bada, EBZk diruaren prezioa pixka bat jaisteko erabakia hartzea.

Gaurko bileran euro indartsuari buruz hitz egin dutela onartu du Lagardek, baina garrantzia kendu nahi izan dio. Lehenik, euroaren indartzea ez delako egun batetik besterako mugimendu bat izan, baizik eta martxotik datorren joera bat —zehazki, Trumpek muga zerga masiboak ezarriko zituela mehatxu egiten hasi zenetik—. Bigarrenik, EBZko buruak nabarmendu du udaz geroztik ez dela truke tasan hainbesteko aldaketarik izan, eta, hortaz, euroaren balioaren eragina kontuan hartzen dutela bankuaren orduz geroztiko erabakiek.

Bitcoin-ari trump efektua amaitu zaio

Kriptodiruen bultzatzaileek diruz bete zituzten Donald Trumpen hauteskunde kanpainaren kutxak, uste baitzuten harekin haizea alde izango zutela. Hala gertatu zen: AEBetako Gobernuak kriptodiruen gaineko araudia arindu zuen, eta Trumpek berak agindu zuen bere agintepean AEBak «munduko kriptodiruen hiriburua» izango zirela. Ekintza eta promesa horiek erruz handitu zuten kriptodiruen erakarmena, eta haietatik ezagunenak, bitcoinek, 125.000 dolarreko balioa lortu zuen udan, inoizko mailarik handiena. Baina azken hilabeteetan indarra galdu du olatu horrek, eta bitcoina 70.000 dolarretik behera salerosten ari da, hau da, Trumpek bigarrenez hauteskundeak irabazi aurretik zuen mailan. AEBetako presidentearen politika ekonomikoari buruzko zalantzak zabaldu ahala, inbertsiogileek segurtasun handiagoko aktiboetara jo dute, eta dolarrak ez ezik, kriptodiruak ere saltzen ari dira.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.