EBZk ez ditu igo interes tasak, Ormuzko gerra berpiztu izanak nola eragingo ote duen zain

%2,25ean jarraituko du erreferentziazko tasak, baina, petrolioa garestitzearen ondorioz, litekeenagoa da irailean beste puntu laurden bat igotzea.

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten, gaur. MATIAS BASUALDO / EFE
EBZren egoitza nagusia, Frankfurten, gaur. MATIAS BASUALDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko uztailaren 23a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez irailera arte itxaron beharko da interes tasa ofizialean aldaketaren bat ikusteko. Gaurko bileran, Europako Banku Zentralak aldaketarik ez egitea erabaki du, eta, hortaz, %2,25ean jarraituko du haren erreferentziako tasak, gordailuenak. Banku zentralak aitortu du «kezkatuta» dagoela Ormuzko gerra berriz pizteak energiaren prezioan izan duen eraginagatik, baina denbora gehiago hartu du egoera horrek inflazioan zer ondorio izango duen neurtzeko.

Zenbait urte iraun duen sukar inflazionista baten ondoren prezioen igoera azkenean kontrolpean zegoela zirudien honetan, Israelek eta AEBek Irani eraso egitea erabaki zuten, eta hankaz gora jarri zituen EBZren asmoak. Otsaileko %1,9tik maiatzeko %3,2ra egin zuen salto inflazioak, eta banku zentralak interes tasak puntu laurden igota erantzun zion, ekonomia hoztuta prezioen igoera ere hoztuko zelakoan.

Ekainean, baina, borrokak etetea hitzartu zuten Washingtonek eta Teheranek, eta horrekin batera petrolioa bizkor merkatu zen, eta behera egin zuen inflazioak, %2,8raino.

Orain, ordea, berriro airean dira misilak, droneak eta gerra hegazkinak, eta Brent petrolio upela, aste pare batean, 30 dolar garestitu da. Gaur, lehen aldiz maiatzaz geroztik, 100 dolarreko muga gainditu du, zabaldu ondoren Yemengo huthiek Saudi Arabiaren bi petroliontziri eraso egin diela Itsaso Gorrian. Hain zuzen ere, Saudi Arabia bide gero eta gehiago erabiltzen ari da Ormuzko itsasartearen blokeoa gainditzeko.

Gerrak aurrera jarraituz gero, oso litekeena da petrolioaren prezioek berriro gora egitea, batez ere kontuan hartuta petrolio eta erregai erreserbak hustuta daudela eta, hortaz, ez dagoela gerraren lehen zatian upel eskasia arindu zuen tresnarik.

Abenduan ere bai?

Petrolio garestiaren ondorioz, energia da gaur egun euroguneko inflazioaren motor nagusia —%10,8, ekainean—, baina oso litekeena da ehuneko horrek gora egitea. Noraino igoko den jakitea zaila dela onartuta, EBZk erabaki du oraingoz mugimendurik ez egitea eta hurrengo asteetako egoeraren bilakaeraren zain egotea tasak beste puntu laurden igo aurretik. Izan ere, banku zentralak nabarmendu du petrolioaren prezioa bere azken aurreikuspenen inguruan dabilela oraindik ere. Gainera, nabarmendu du oraindik goizegi dela ikusteko zer ondorio izango dituen petrolioaren garestitzeak, eta 2027aren lehen erdian ere antzemango direla. 

Analista gehienek uste dute irailaren 10eko bileran EBZk interes tasak handituko dituela, %2,50eraino, eta askok iragarri dute abenduan beste koska bat igoko direla. 

Lagardek ez du aurreratu nahi izan zer egingo duen, eta berretsi egin du iritsitako datuen arabera jokatuko duela EBZk, baina onartu du gaurko bileran gobernadore batzuek gaia mahai gainean jarri dutela. Hala ere, aho batez erabaki dute %2,25eko interesei eustea, hurrengo asteetan iritsiko diren datuek egoera argitu arte. 

lagardek ez du kargua aurten utziko

Zurrumurruek diote Christine Lagardek ez duela bere agintaldia amaituko eta EBZko lehendakaritza utzi egingo duela hilabete gutxi barru, Frantziako politikan parte hartzeko. Gainera, dimitituko balu, aukera emango lioke Emmanuel Macron Frantziako presidenteari haren ordezkoaren hautaketan parte hartzeko. Gaurko bileran, Lagardek ez du bermatu nahi izan 2027ko urrira arte karguan jarraituko duenik, baina argi utzi du ez duela dimisioa berehalakoan emango. «2027 arte hemen izango nauzue», esan die kazetariei. «Kapitainak ez du ontzia utzi behar ekaitzak iraun bitartean». Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadorea eta Herbehereetako Klaas Knot dira Lagarde ordezkatzeko faborito nagusiak.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA