Iruñeko Zigor Arloko 2. Epaitegiak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zien atzo Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldeko enpresaren bi zuzendariri, ingurumenaren kontrako delituengatik. Epaileek ebatzi dute Valle de Odieta enpresak isurketa kutsagarriak egin zituela Aragoi ibaira. Kartzela zigorrez gain, 4.200 euroko isunak ordaindu beharko dituzte. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace talde ekologistek «poza» agertu dute sententzia dela-eta, uste baitute epaileek arrazoia eman dietela makroetxaldearen kontrako prozesuan; alta, dei egin dute auziari «perspektibarekin» so egitera eta «oinarrizko bi kontu» aintzat hartzera: batetik, «nekazaritza eredua» dela auzitan dagoena, eta bestetik, Nafarroako Gobernuak «ez duela bere gain hartu ingurumena babesteko ardura».
«Sententzia honek berretsi egin du talde ekologistek, gizarte eragileek eta nekazaritza elkarteek, Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataforman bilduta, urteetan salatu duguna: makroetxaldeek lurzoruak eta akuiferoak kutsatzen dituztela, alegia. Hori dela eta, uste dugu sententzia hau ez dela Valle de Odieta enpresaren aurkakoa soilik; ingurumenari, pertsonen osasunari eta animalien ongizateari kalte egiten dien nekazaritza eredu industrial bat zigortzera dator, oro har», azaldu du Pablo Lorentek, Sustrai Erakuntza fundazioko kideak.
Erlazionatuta
Fundazio hori eta Greenpeace herri akusazio gisa aritu dira Caparrosoko makroetxaldearen aurkako auzian, eta administrazioaren jokabidea txarretsi dute: «Sententzia honek ohartarazpen bat izan behar luke Nafarroako Gobernuarentzat. Alde batetik, agerian geratu delako, kausa honetan akusazio gisa aritzeari eta ingurumena zaintzeko erantzukizunari uko eginda. Beste aldetik, nekazaritza eta abeltzaintza eredu industriala sustatzen segitzeak zera dakarrelako, kutsadura handitzea eta Nafarroako lehen sektorearen etorkizuna hipotekatzea».
Alta, sententziak arrazoia eman dien arren, ekologistek uste dute enpresa kutsatzaileei «merke» ateratzen zaiela ingurumenari kalte egitea: «Epai honek berretsi du Nafarroan, eta Espainiako Estatuan oro har, merkeago ateratzen dela ingurumena suntsitzea, hura defendatzea baino. Valle de Odietak ordaindu beharko dituen isunak baino bost bider handiagoak dira ekintzaile ekologistei ezarri dizkigutenak, ingurumenaren defentsan protesta egiteagatik. Eta hori hala den bitartean, gure biodibertsitatea arriskuan egonen da», adierazi du Greenpeaceko Lorea Floresek.