Imanol Pradales Ajuriaenera iritsi zenean, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan sindikatu abertzaleekin izan duen jarrera aldatzeko eskatu zioten ELAk eta LABek lehendakariari, harekin aurrenekoz bildu zirenean. Bi urte pasatu dira ordutik, eta, Iñigo Urkullurekin baino harreman adeitsuagoa badute ere, mamia ez da askorik aldatu. Sindikatuek adierazi dute gobernuak «kale» egin duela bere jardunean, langileen aldeko politikak sustatu ordez enpresen mesedetan jardun duelako. Hori dela eta, «berehalako erreakzio bat» eskatu diote, politika publikoen norabidea aldatzeko.
Pradalesekin bildu ondoren, eguerdian, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak aitortu du «aurrerapauso bat» dela 11 urteko etenaren ondotik bi erakundeen arteko hartu-emana berreskuratu izana, baina aitortu du argazkitik harago egoera ez dela asko aldatu. Azaldu du, esaterako, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburuak ez duela ELArekin bildu nahi gutxieneko soldataz hitz egiteko, eta Jaurlaritzak bizkarra ematen diola negoziazio kolektiboari, itunak gutxiengoan dauden sindikatuekin eginda.
«Gauza bat da forma, eta beste bat edukia. Eta gu gaur politika publikoen norabidea aldatzeko eskatzera etorri gara hona. Horrek agerian uzten du non dagoen ELAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko arrakala», esan du Lakuntzak. Sindikatua oso kritiko azaldu da gobernuaren politikekin, ohartarazi baitu «gero eta gehiago» direla hilabete amaierara iristeko arazoak dituzten familiak, eta zerbitzu publikoak «gain behera» doazela.
Lakuntzak EAJ eta PSE-EE egin ditu egoera horren erantzule, adierazi baitu jeltzaleek eta sozialistek sustatutako zerga erreformaren ondorio dela: «Aberastasuna gero eta okerrago eta modu injustuago batean banatzen ari da herri honetan». Eta gehitu du enpresek «inoizko mozkinik handienak» dituztela eta herritarrak, berriz, egoera zailean daudela.
«Gauza bat da forma, eta beste bat edukia. Eta gu gaur politika publikoen norabidea aldatzeko eskatzera etorri gara hona. Horrek agerian uzten du non dagoen ELAren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko arrakala»
MITXEL LAKUNTZA ELA sindikatuko idazkari nagusia
Hori dela eta, berehalako plan bat eskatu dio ELAk Pradalesi. Zerbitzu publikoen finantzaketa handitu dezala galdegin dio, eta beharginen behin-behinekotasuna amaitzea, oraindik EAEko tasa Europako handienetakoa dela eta. «Nekez konpondu daiteke zerbitzu publikoen egoera inbertsio publikoa handitu gabe eta langileen egoera aintzat hartu gabe».
Gutxieneko soldatari dagokionez, bestalde, horren «aldeko jarrera irmoa» erakusteko eskatu dio. Lakuntzak azpimarratu du gai horretan lehendakaria ezin dela «neutrala» izan, eta ekiteko eskatu dio. Zehazki, patronalari presio egiteko eta Torresek sindikatuekin duen jarrera aldarazteko esan dio. Baita parte hartze instituzionalaren legea bertan behera uzteko ere.
Azkenik, euskararen inguruko «kezka» helarazi dio Lakuntzak Pradalesi. Adierazi du, batetik, EAJk eta EH Bilduk onartu zuten Enplegu Publikoaren Legeak ez duela euskara gaztelaniaren pare jarriko; eta bestetik, Lan Harremanen Kontseiluan gaur-gaurkoz ez dagoela bermatuta euskaraz egin ahal izatea. Bada, lehendakariari neurriak eskatu dizkio.

LAB: «Sinesgarritasun txikia»
Goizean, berriz, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia batzartu da Pradalesekin, eta hark ere nabarmendu du erakundeen arteko harremana ez dela onbideratu. Sindikatuak orduan egin zizkion eskaerak aintzat hartu ez dituela-eta, Jaurlaritzak langileen aldarrietan «kale» egin duela azpimarratu du Aranburuk. Politika «neoliberaletan sakontzea» egotzi dio lehendakariari, eta «atzeraldi erreakzionarioaren» aurrean «neurri hutsalak» hartzea.
«Bestelako politika batzuk» behar direla adierazi du Aranburuk, eskuin muturra indarra hartzen ari den garaiotan «politika neoliberaletan sakontzea faxismoari bazka ematea» delakoan. «Birbanaketa politikak behar dira; zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko politikak; zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoago bat; etxebizitzarekin ez espekulatzeko neurriak; eta etxebizitza publikoaren aldeko apustu argi bat».
Aranburuk esan du gizarte eragileekin biltzea ondo dagoela, baina zehaztu du halako ekinbideek «sinesgarritasuna» galtzen dutela ados jartzearen garrantziaz hitz egiten duen gobernu batek kontrako norabidean jarduten duenean. Osakidetzako lan gatazka aipatu du adibide moduan.
«Birbanaketa politikak behar dira; zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko politikak; zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoago bat»
GARBIÑE ARANBURU LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra
Hezkuntzari dagokionez, sindikatuak salatu du Jaurlaritzak iaz egindako akordioa guztiz bete gabe dagoela oraindik. Eta gogorarazi du gobernua babesten duten bi alderdiek uko egin ziotela bi herri ekinaldi legegile Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeari, «modu antidemokratikoan» egin ere.
Era berean, kritikatu du gutxieneko soldata propio baten aldeko «greba arrakastatsuari» lege elkarrizketa soziala «instituzionalizatzeko» proposamenarekin erantzun ziola, zeinak gutxiengoak diren sindikatuak «saritzeko» eta patronala «zuritzeko» helburua baitu. Bada, lege hori bertan behera uzteko eskatu dio Pradalesi.
Galdegin dio, halaber, alda dezala gutxieneko soldata propioari buruz orain arte izandako jarrera. Izan ere, salatu du «mespretxuz» jardun duela haiekin, gaiaz hitz egiteko Torresi bilera eskatu bazioten ere ez ziotelako erantzun. Edonola ere, ateak zabalik dituela esan dio LABek lehendakariari, eta aurreratu du sindikatu abertzaleek beste bilera bat eskatuko diotela horri buruz hitz egiteko.
Confebaskekin bilduko da bihar Pradales. Lehendakariak batzar horrekin amaituko du alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin egindako bilera sorta.