ELAk irabazi ditu hauteskundeak Mercedesen, bi ordezkari galdu arren

Euskal Herriko lantegi handienak gehiengo abertzaleari eutsi dio bere langile batzordean. Gasteizko plantaren aro elektrikoko lehen lan hitzarmena negoziatu beharko du.

Langileak furgoneta bat pintatzen Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Langileak furgoneta bat pintatzen Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 27a
08:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk izan da sindikatu bozkatuena Mercedesek Gasteizen duen lantegiko hauteskunde sindikaletan, eta emaitza orokorra kontuan hartuta, sindikatu abertzaleek gehiengoari eutsiko diote Euskal Herriko lantegi handienaren langile batzordean.

Atzo egin ziren hauteskundeak Mercedesen eta gaueko ordu txikitan ezagutu dira emaitzak. 5.000 langile inguruk eman dute boza eta horietatik 892k ELA hautatu dute. Bozkatuena izan da, baina garaipen gazi-gozoa da, hamar ordezkaritik zortzira jaitsi baita. Dena den, batzordeko burua aukeratzeko eskubidea izango du.

Ordezkari gehien izango dituen sindikatuetan bigarrena CCOO izango da, seirekin, duela lau urte baino bat gehiago. Haren atzetik, bost ordezkarirekin berdinduta daude LAB (-1), ESK (+1) eta UGT (berdin). Ekintzak aurretik zuen ordezkariari eutsi dio eta langile batzordera itzuliko da PIM (Plataforma Independiente Mercedes); azken horrek hiru ordezkari izatera iritsi zen, baina 2022ko hauteskundeetan galdu zituen.

31tik hemezortzi

Gauzak hala, ELA, LAB eta ESK sindikatuen artean hemezortzi ordezkari dituzte, eta horrenbestez batzordeak gehiengo abertzalea mantenduko du. Hori bai, aurreko lau urtekoan baino ordezkari bat gutxiagorekin.

Batzorde berriari ez zaio lanik faltako, enpresa hitzarmen berria negoziatzeko garaia hasiko baita. Aurrekoa 2022an sinatu zen, UGT, CCOO, Ekintza eta PIMen aldeko bozarekin. Ordukoan hauteskundeen aurretik sinatu zen, sindikatu horiek gehiengoa zutenean. Sinadura horrek aldaketa handia eragin zuen ostean egin ziren hauteskunde sindikaletan.

Hitzarmen horretan negoziatuko beharko dituzte, besteak beste, plantaren elektrifikazioak ekarriko dituen aldaketak, autogintza sektorearen krisiaren eragina, eta hasteko behintzat, inflazio handi bat. Azken puntu horrek talka eragin dezake, sindikatu abertzaleak oso irmoak izaten baitira KPIaren araberako soldata igoerekin.

Gasteizko beste lantegi handienetako batean, Michelinen, atzo amaitu zuten hauteskunde prozesua. Planta horretan ere sindikatu abertzaleek gehiengoa izango dute aurrerantzean, CGTrekin batera. Michelinen datorren urtean negoziatu behar dute lan hitzarmena. 2023 arte Espainiako lantokien ituna zuten, baina urte horretan erabaki zuten aurrerantzean lan hitzarmen propioa izango zutela, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegian egiten duten bezala.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA